Hara zer dien

Eredu zaharkituak krisi ekosozialaren atarian

Teoria konspiranoikoetan erori gabe, esan beharra daukagu elite ekonomikoek, goi mailako politikariekin bat eginik, behin eta berriz inposatzen dizkigutela herritarrendako onuragarriak ez diren proiektuak. Horren adibide ditugu Abiadura Handiko Trena, erraustegiak, urtegiak eta baita hainbat egitasmo erraldoi ere  (Los Arcoseko zirkuitua, Navarra Arena...). Guztion zergen bidez  bilduriko dirutza onura pribatua xede duten proiektuetara bideratzen  dute, eta horren ondorioz, herritarren bizi baldintzak hobetu  beharrean, haien interesak nabarmen kaltetzen dituzte askotan. 

Sakanan autopista elektrikoak jartzeko mehatxua aspalditik dator. Hamabi urte igaro dira jada Red Eléctrica de Españak goi tentsioko linea gure bailaratik pasatzeko asmoa adierazi zuenetik. Bere azken proiektuan ere asmo bera adierazi du enpresak. Horretarako, gaur egun bertatik pasatzen den 220 kV-ko linea kendu eta 400 kV-ko linea berria Beriain eta Andia mendien magaletatik pasatuko dute. Hori gutxi balitz bezala, Forestalia enpresak Zaragozan jarri nahi dituen eguzki baratzen eta haize erroten argindarra guretik pasarazi nahi ditu REEn egitasmoaren ibilbide paraleloa eginez. Hortaz, sakandarrok bat ez, goi tentsioko bi linea jasan beharko genituzke. 

Linea horiek kalte handiak ekarriko dizkigute, bai, baino makurrena da, linea horiek sostengatzen duten ereduak ondorio larriagoak eragingo dituela, hala nola gaur egungo muturreko tenperaturak, aldaketa klimatikoa eta krisi ekosoziala. Nazioarteko zientzialari adituek frogatu dutenez, gaur egungo eredua ere (ekoizpen gune handiak, autopista elektriko kilometrikoak, energia kontsumo itzelak...) erabat zaharkiturik dago, eta beraz, beste eredu bat bultzatu beharko da aurrera egin nahi bada. Esate baterako, Antonio Turel zientzalari ospetsuak –CSICeko kidea da— aspaldi ohartarazi du eredu horrek oso ondorio suntsigarriak ekarriko dituela. Bere azken adierazpenetan ere argi utzi du Europa oso egoera larrian dagoela. Berriz esango dugu:  ez da konspirazioa, zientzia baizik.