Hara zer dien

Landa eremuan duintasunez bizi

Pasa den larunbatean makro proiektuen mehatxupean gauden makina bat plataforma eta eskualde Gasteizen batu ginen Euskal Herria Bizirik-ek hots egindako manifestazioan. Hiriburuetan egoitza daukaten instituzio eta botere ekonomiko nagusiek AHT, gasbideak, errauskailuak, makro etxaldeak, aire sorgailu erraldoiak, eguzki baratza itzelak eta hauek sorturiko energia garraiatzeko autopista elektriko amaigabeak "oparitzen" dizkigute landa eremuan bizitzeko hautua egin dugunoi.

Sistema honek eragin duen aldaketa klimatikoari aurre egiteko aitzakian, kapitalismoaren logika berberari jarraipena eman nahi diote betiko suntsipenari "berde" adjektiboa ezarriz. Honela, diru publikoz sustaturiko makro proiektu pribatuek multinazional gutxi batzuei ikaragarrizko etekinak emanen dizkiete landa eremuak geroz eta handiagoak diren hirien zerbitzura jarriz.

Sakanan, beste proiektu txikitzaileen artean Beriaingo magaletik pasarazi nahi dizkiguten bi autopista elektrikoen proiektuak dauzkagu. Ibilbide ia paralelo batean joanen liratekeen proiektu hauek Zaragozako probintzian haize errota eta eguzki plaken baratzen bidez sortuko litzatekeen energia garraiatuko lukete Gasteizeraino eta Gatikaraino, handik, itsaspetik Bordele aldera eramateko.

Hilabeteak daramatzagu bi proiektu hauen berri jakin gabe eta beldur gara, gelditzea lortu genituen aurreko bi proiektuekin egin zuten moduan, ez ote dituzten udako opor egunak baliatuko proiektuak aurkezteko eta haien aurkako helegiteak eta aurkaritza zailtzeko. Hau bai jokabide parte hartzaile eta demokratikoa.

Planifikazio ezaren eta diru publikoen xahuketaren adibide garbiena da Etxarri eta Bakaiku artean eraikitzen ari diren ekoduktu edo natur pasa gunea. Autobia, Sakana zeharkatzen duen harresi garaiezina da basa abere askorendako. Hau pixka bat arintzeko ekoduktu bat eraikitzea erabaki du norbaitek. Beste batzuek, 400 Kv-ko bi autopista proiektatu dituzte ekoduktu honi itsatsirik. Eta besteren batzuek (ez ote jende berbera?) AHT proiektua sustatzen ari dira Sakanan barna, beste harresi garaiezin bat bilakatuko litzatekeena faunarendako ekoduktu garesti hori alferrikakoa bihurtuz.