Deseroso sentitzen naiz, ostiral honetako GUAIXEn agertuko den nere idazkia idazterakoan. Gaurko egunkari gehienentzat, berri nagusia atzoko GREBA OROKORRA izango da eta nik, idazki hau prestatzerakoan, ezer ezin esan, ez dakit nola igaroko den, zer gertatuko den, zein izango den erantzuna: eskasa, ona, oso ona.

Hau da hau estutasuna! Nire nahia grebarako dei egitera zen baina, igarotakoan zertarako? Edo, greba nola joan den ikusita, azalpen edo gogoeta bat egitea; baina, greba ez bada egin, nola egingo dut gogoeta? Baieztatu dezakedan gauza bakarra, lan asko egin dugula aurretik; elkarlana izan da, pentsiodunen borrokak azaleratu ditu, gaur egun, gizarte arlo ezberdinak pairatzen ari diren egoera larriak eta ezin dugu bakoitza bere aldetik ibili.

Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak bi urte egin ditu pentsio duinen alde mobilizatzen eta orain, gure aldarrietatik harago joateko beharra ikusi da. Aurrera pausu hori emateko, duela sei urte herritarren eskubide sozialak biltzen dituen karta osatu zuten sindikatu eta eragile sozialekin elkartu eta mugimendu bien arteko konfluentzia eman da, Pentsiodunen eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren artekoa.

Hiru arrazoi nagusi izan dira elkartu eta mobilizatzera behartu gaituztenak: “Pentsioena denon afera da, oraingo pentsiodunena nahiz etorkizunekoena; lan baldintza duinen aldeko borroka ezinbestekoa da; eta, azkenik, eskubide sozialak bermatu behar dira”.

Gaur, grebari dagokionez, data eta irizpide ezberdinak jasoko dituzte hedabideek, sentimendu ezberdinak sortuko dira gure artean ere, norberaren irizpidearen arabera. Baina garaipen bat lortu dugu: denok, denon arazoak eta aldarrikapenak defendatzeko elkartu gara, lan asko egin da, bide bat ireki da eta sindikatu, eragile eta mugimendu sozial eta pentsiodunek elkarrekin borrokatuko dugu GUZTIONTZAT  LAN, PENTSIO ETA BIZI DUINA  DEFENDATZEKO.