TXISTUA, HERRIA ETA TXERRIA

Erabiltzailearen aurpegia Urkizu 2015ko api. 21a, 14:06
Altsasutik Etxarrira Urdiain barrena, larunbata eta igandean, txistu festa, oroimen jaia eta txerrierrea jana osasuntsua. Espirituaren hegaldia txistu konzertuarekin, herriaren osaketa Urdiaingo historiari buruzko liburu aurkezpenarekin eta Lurraren oparotasuna dastatzeko Etxarriko Azokan.

Espirituaren hegaldia Altsasun. Burundarrak eta Friends taldeak kontzertu bikaina eskeini zuten Iortian. Txistulariak, Metalezko instrumentuen kintetoa, Itziar eta Erkuden Flores abeslariak, Etorkizuna taldeko dantzariak, Javier del Rio gitarra jolea eta aipatzekoa Carlos Sanchez konpositorea, bere bi pieza berriak estrenatu bait zituen: "txapela buruan" eta "izenik gabeko pieza". 1555ean egindako "La batalla de Tielman Susato" musikarekin eta 1612an egindako Terpsichore musikarekin hasi zen emanaldia. Historian barrena mugitu gintuzten gure egunetako "Oi Baldorba" eta "Eperrak badituzu" kantetaraino, estrenaldiak barne.

Geure ispirituak historian zehar, txistuaren bultzadaren pean eta metalezko instrumentuen karga lurtarrarekin. Aipatu nahi dut bereziki dantzariak. Zorgarriak. Zer nolako egokitzapena gorputzaren mogimenduak eta musikaren doinuen artean! Anka bizkor goratu eta erritmoaren pausuan beheratu, jauzi gora eta erritmoaren pausuan bira egin eta lurrean pausatu! Zorionak.

Historian zehar herria eginez Urdiainen. Urdiaingo apezak prestaturiko liburua aurkeztu zen larunbatean. Ez dut oraindik liburua eskutan izan, bainan egondakoen hitzetatik pentsatzen dut atsegina izan zela saioa. Pentsatzekoa da herri xumearen gora beherak, nahiak eta etsipenak, pozak eta tristurak islatuak egongo direla, mendetako herrigintzaren errepaso horretan.

 

Lurraren oparotasuna Etxarrin. Azoka eguna genuen igandean Etxarrin. Bertako eta inguruko nekazal ekoizpen ugari: gazta, eztia, ardoak, ganadua, astotxoak eta zaldi txikiak barne, ardien ile-mozketa saioa (Zein eder gelditu ziren ardiak ileapaindegitik pasa eta gero!), Arruazuko gazta egile jakintsuaren erakustaldia, bere behatz-termometro naturalarekin eta zer nolako gogoeta filosofikoak teknologiari buruzkoak: teknologiaren esklabu izatea txarra eta desastre hutsa omen da bere iritziz, bainan neurriko teknologia eta gizakion ardurapean erabilitakoa aberasgarri izan daiteke...

Etxarri bertako trikitilari neska gazte sail handi batek alaitu zuen Azoka, eta ganaderuak auzolanean prestaturiko txerri-errea bikaina atera zitzaien. Aizkolariek eta harrijasotzaileek erakustaldia eman zuten.

Udaberriaren zain. Bitartean Sakanako Bargan hainbat eta hainbat zuhaitz ausartak berde dizdiratsuz jantzi ziren eguzkiaren izpien argitan. Urbasa aldean, berriz, kukua kantuka eta pago handi erraldoiak kimuak berdetzeko prest, udaberriaren eztandaren atarian daude goroldioz jantzita.

Urkizu