Artista, betiko!

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2014ko abu. 1a, 06:00

Ni hiltzen naizenean, tralarala… / ni hiltzen naizenean / ez ehortz elizan’ zioen 70 hamardakan Txomin Artola eta Amaia Zubizia buru zituen Haizea taldearean erritmo bizi eta alaiko abesti batek. Berriki joan zaigun Nestor Basterretxea artistarik handienetakoak ere horixe zela bere desioa esana zuen eta, horrexegatik, hileta zibila eginez agurtu zuten bere senide eta lagunek.

Sortzearen bidez biziberritzen zen artistak, euskal sustraietatik edanda etorkizuna irudikatzen zuenak, hirurogei urte eman zituen artearen eta pentsamenduaren abangoardian, mundu osoan onartua. Bere lan aipagarrienetako bat euskal mitologian inspiratutako ‘Euskal Kosmografia Seriea’ da.  Haritz zurez irudikatu zuen Jose Miel Barandiaranek euskaldunen irudimentegitik berreskuratutako mundua, zeinetan, Ortzi, Mari, Sugar, Amalur, Basajaun, Basandere,  Lamiak eta gainerako jainkoak naturarekin harmonia ederrean bizi diren.

Bere bizitza luzea izan zenez, Nestorrek tartea hartu zuen bizitzaz eta heriotzaz gogoeta egiteko. Gaztaroan gerraondoa pairatu eta erbestea ezatugu zuenak, umorez, eskerrak ematen zituen bera ez zelako joanen faxistak joaten diren mundu horretara, horrek bere onetik aterako lukeela.

Horrexegatik, erraz irudikatzen ahal dut nire gogoan, Nestor, beste mundu majiko horretan, errotulagailua eskuan papera zirriborratuz, Basajaun, Basandere eta Lamien jolas bihurrietan inspiraturik, Mariren begirada misteriotsuak argiztatuta, bere sormen lanak biziberritzen, gozotasunez. Goraintziak!

aingerumi@gmail.com