Hauteskunde usaina

Abenduaren 3an Nafarroaren eguna eta Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun horren ospakizunak baliatuko dituzte alderdi politikoek hauteskunde usaina barreiatzeko. Jada, baditugu inkestak, talde politikoak makinaria koipetzen ari dira  -hautagaiak, programak…-, hedabideak bazterrak nahasten, Estatu egitura kolokan Kataluniaren ausardia tarteko, eta herritar xumeak itxaropen eta amets.

Hasi dira alderdiak elkarri mokoka, mus partida batean bezala, handira eta enbidoak bata bestearen gainean. Batzuei dagoeneko igartzen hasi zaizkie ahoberotasunak, eta gehienak ere ozenki iragarriz hobariak, nahiz, batek berak ere, ez zehaztu nola gauzatuko dituzten mirariak.

Halere, promesa hutsalak asko baina neurri zehatzak eskas, esaterako, etxegabetze mingarri bat bera ere gehiago ez gertatzeko edo muturreko txirotasuna estrukturala ez bihurtzeko (egiturazko funtsa), bertako eta kalitatezko ekonomia erreala sustatzeko (pizgarriak), ustelkeriari borroka (araudi zorrotza), langabeziari aurre egiteko (plan zehatza), eta segi.

Jendarteko pertsona ororen duintasuna eta ongizatea bermatzen ez duena politika porrota da. Eta gaur egun, datu makroekonomiko baikorrak datu, duguna politika porrota da.  Izen-abizenak jarrita, Carmen Martinez Ayuso 85 urteko emakume valladolidtarraren etxegabetze mingarria onartu duen jendartea jendarte porrota da, eta, zoritxarrez,  hori egunero gertatzen ari da. Eta ohitu egin gara!

aingerumi@gmail.com