Balada tristea

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2015ko ira. 11a, 08:00

Etorkin bat hil da anaiaren maletan ezkutaturik zihoala, beste bat Palman, 700 desagertuta Siziliako itsasbazterraren parean...  2.000 etorkin baino gehiago hilik Mediterraneoan 2015. urtean. Hedabideetako titularrak dira, titular txikiak zenbaitetan, txiro gixajoak, afrikarren bizia balio gutxiko bihurtu baita.

Duela ez hainbeste urte, lagun artean amorruz komentatzen genuen Ameriketako Estatu Batuen eta Mexikoren artean “bizkarbustien” sarrera galarazteko elektrizitate-hesi iragangaitza eraikitzen ari zirela. Ze kabroiak estatubatuar inperialistak! Orain gure mugak gainditu nahi dituzte dohakabeko gizagaixoek, eta milaka hiltzen dira heriotza deskribaezinez. Orain, atea ixten diegu gosetik, itxaropen ezatik eta gerra jazarpenetik ihesi datozenei.  

Aldi berean, zilegi zaigu Europako hainbat enpresek Kongon koltana harpilatzea, hango gerra ankerra xaxatuz gure mugikorrak ekoizteko, edo Etiopia, Uganda, Senegal, Ghana eta Mozambike bezalako herrialdeetan enpresa europarrek era basatian lurrak berenganatzea, kakaoa, anana, biodiesela, eta beste monolaborantza batzuk sustatzeko. Jakina, gure kontsumo era asegaitza hornitzeko bertakoen ekonomia eta elikatzeko gaitasuna izorratuz.

Datuak datu dira: nazio garatuek nahiko baliabide eta teknologia dute munduko gizateriak pairatzen duen txirotasunari aurre egiteko, baina borondate politikoa falta da, eta hori elite-boteredunek bahitua dute. Bitartean, herritarrok itsu eta mutu gaude.

Mugak ixtea eta polizia-presioa areagotzea ez da bidea, herrien artean harresiak eraikitzea ezin baita konponbidea izan.

Aingeru Mikeo