Angela Merkel Europako Batasunaren Presidente andre gorenari eta europar herritarrei:

Adanna Kwei naiz. Nire izenak ‘aita maitagarriaren alaba’ esan nahi du. 42 urte ditut eta Ghanako Ashanti eskualdeko Kumasi  hirian bizi naiz. Nire semea Ahlam zen. Bere izenak ‘utopiazko ametsa’ esan nahi du. 22 urte zituen eta altua, bizkorra, eta batez ere, alaia eta utopiaren ameslaria zen, bere izenaren esanahia bezalakoa. Kumasiko Unibertsitatean nekazaritzaren teknologia ikasi zuen. Baina, zorigaitzez, Siziliako parean hondoratutako itsasontzitik desagertutako 700 lagun horietako bat zen.

Betidanik, bere ametsa Europara joatea izan zen, duintasunaren bila, hemen, itxaropenarentzat zirrikiturik ez dagoelako. Orain, inoiz baino gehiago, esklabutza eta kolonialismo berria jasan behar dugu. Europarrek Afrika harpilatzen segitzen dute: meategi hilgarriak ustiatzen, gerra ankerrak xaxatzen, nekazariak lurgabetzen, baso tropikalak mortutzen, eta landak, ibaiak eta itsasoa kutsatzen. Horregatik, ghanatarrontzat eta oro har afrikarrentzat etorkizuna hilik dago; ordea, Europa aberatsa da, neurri handi batean Afrika txiroa delako.

Jakin badakit afrikar etorkinen “arazoa” saihesteko hesien eraikitzea eta polizia-presioa handitzea beste burubiderik ez duzula. Baina, migratzeko erabakia irmoa da. Datozen egunetan abiatuko naiz bidaian, hilen munduan egonik ere, Ahlam semeak nire begiez lurralde hura ikus dezan, eta, bide batez, Afrikarentzat itxaropenezko etorkizuna aldarrikatzera. (Adanna Kwei /Kumasi, data).

Datondoa: gutun hau Almeriako itsasertzean erreskatatutako edozein andrezkok egina izan liteke.