Eguberri, eroak igerri

kolaboratzaileak

Eguberriak gainean ditugu. Laster egunak luzatzen eta Urte Berria. Kaleak argiztatuta daude eta Olentzeroren irudiarekin batera haurren nahiak loratu dira, eta baita gurasoen eta senideen borondatea ere haiek asebetetzeko. Ospakizun herrikoiak, erlijioz zipriztinduta. Filosofoak “Hil da jainkoa” aldarrikatu zuen, baina Olentzero dator Kixmiren etorrera iragartzera. Erosketa eta oturuntza gehiegizkoak, baina ziurrenik urteko sasoirik xarmangarriena, era batera edo bestera denok harrapatzen gaituena.  

Aldi berean, urte zaharra joan zaigu eta atzera begiratuta, hainbat albiste txar izan dira: Siriako gerra eta Ekialdeko iheslarien eta etorkinen egoera ankerra; britaniarren Brexita, edo Rajoy eta Trump presidente berriak. Gurean, Altsasuko gazteekin burututako bidegabekeria, haientzat eta senideentzat ondorio larriak izanen dituena. Horietan denetan, bortizkeriak, arrazismoak, geoestragia ankerrak eta, oro har, gizatasunaren eta elkarbizitzaren aurkako jarrerek indarra hartu dute.     

Hala ere, berri pozgarriak ere izan ditugu. Esaterako, Colombian 50 urte luzeko gerrari amaiera emateko ituna sinatu dute. Gurean, Navarrometroak dioenez, aldaketaren Gobernua bizkor dago eta aurreko egoera itogarria gaindituz,  hainbat arlotan haize berria sartu da, besteak beste, errenta bermea egoera larrian daudenentzat, euskaldunak ikusgarri bihurtu gara, edo ezberdinen arteko elkarrizketa indartu da.

Orain, nork bere erara Eguberriak gozatzea tokatzen da, zailtasunean dabiltzanak gogoan hartuz eta, datorren urteari begira, gauzak hobeki izateko nahiari eta itxaropenari atea zabalduz.