Ihoteak joan zaizkigu eta azpimunduko izaki liluragarrien eremura egin dugu joan-etorria. Negu ilunaren eguna luzatuz doa eta ate joka sumatzen da eguberria. Azpimundutik atera, eta pasatu gara mundu absurdora.
Gero eta indar handiagoa hartzen ari da Kataluniako afera. Hor dabiltza buruzagi kataluniarrak Madrileko epaitegietan bueltaka. Zergatik eta? Herritarrei zer izan nahi duten galdetzeagatik. Sakanan ere pil-pilean dago gaia; gero eta handiagoa da galdetuak izateko jendearen nahia.
Charles Puigdemont Governeko lehendakaria herriari dagokiona aldarrikatzen azaltzen da, zuzentasunez eta gogor; berriz, Rajoy, totem bihurtutako lege bat guztiaren gainetik jarrita, hitz gutxiko eta egoskor.
Zazpi eta erdi milioi herritarren gainetik Konstituzioa mehatxukor. Estatuaren jarrera, primus inter pares joku-araua ezarrita, baten nagusitasuna besteari inposatuta, manu militari, baita indar militarra baliatuta ere.
Zer burutan sartzen da andaluziar, edo gaztelar, edo nafar batek erabaki behar duela katalandarren etorkizuna? Inondik ere, konkista-inperioan fosildutako pentsabidea. Horregatik, errefuxatu egiten dut demokratikoa ez den konstituzioa eta uko egiten diot espainiar pueblo soberano izatearen erabakimenari, eta eskaintzen diet kataluniar herritarrei. Berdintasunean, pares inter pares, izan bedi etorkizuneko harremana, lagunen artean jateko txistorra eta butifarra, edo edateko sagardoa eta cava.
Txinatar esapide batek dionez “pinpilinpauxa baten hegal-eragiteak ekaitza sor lezake munduaren beste aldean”. Sakanan ospatzear diren erabakitzeko eskubidearen galdeketek halako oihartzuna eduki bezate Madrilen!