Etorkizuna eraikitzeko aroa

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2017ko mar. 31a, 08:03

kolaboratzaileak

Albiste ona! Jean Noël Etcheverry-ren bidez, Parisko Le Monde gazetak zabalduta, jakin genuen apirilaren 8an ETAk armagabetzea burutuko duela. Horrela, Bakearen Artisauek bideratuta amaituko da hiru belaunaldiz, 59 urtez, iraun duen jarduera armatuaren garaia.

Euskal Herrian, urte horietan izan den eragile politikorik nabarmenena, neurri batean edo bestean, denok ibili gara horren zirimolan. ETA, makina bat hitzekin dator kateatuta, borroka armatua, Euskal Nazioaren Askapenerako Mugimendua, KAS Alternatiba, hiltzaileak, Lemoiz, Segoviako ihesa, atxilotuak, torturatuak, bahituak, erailketak, segadak, zuloak, Argel, aurrera bolie, Hipercor, GAL, talde terrorista, gerra zikina, Lizarra-Garazi, iraultza zerga, auto-bonbak, su-eten iraunkorra, Txillardegi, Julen Madariaga, Txabi Etxebarrieta, Meliton Manzanas, Carrero Blanco, Joxi eta Josean, Ulaiar, Argala, Txomin Iturbe, Artapalo, Galindo, Basajaun, Felipe Gonzalez, eta horrela zerrenda amaigabea. Estatuaren indarkeriari erantzuna emateko erakundea, Euskadiren askatasuna helburu, ala talde terrorista. Akzioa-erreakzioa-akzioa dinamikaren bidez, Estatuak zilegi egiten zuen ETA, eta halaber, ETAk Estatuaren indarkeria. Ekintza iraultzailetik oinazearen sozializaziora. Gerra txikia zenbakitara ekarrita: ETAk 830 eraildako eta 2.500 ekintza bortitz; Estatuak 250 eraildako, 10.000 torturatu eta 50.000 atxilotu.


Amaitu da armen aroa, orain, gatazkaondoan, konponketarena dator, alegia, etakideen itzulera, biktimen egia eta erreparazioa, presoen eta errefuxiatuen itzulera, memoriaren idazketa, eta elkarbizitza saretzearena. Guztion   zauriak sendatzeko garaia, gatazka politikoa bideratzeko premia, eta errespetuan eta bakean bizitzeko nahia. Iraganetik ikasiz, indarkeriarik gabe, eraikitzeko etorkizuna.