kolaboratzaileak

Duela bi asteburu zinemara joanda, Janar Panahik zuzendutako Hiru Aurpegi pelikula aukeratu genuen. Aktore izan nahi duen neska ausart batek, landa eremu idorreko gizarte txiro eta itogarri batetik ihes egiteko, bere burua hiltzearen amarrua mugikorraren bideoaz grabaturik, ospe handiko aktore andre bati ailegarazten dio, lagundu diezaion. Filmean azaltzen den herrixka benetan xumea da, etxe zaharkituak, zoladurarik gabeko kaleak, jende txiroa eta, andrezkoen gainetik, ondra eta ohorea. Hala ere, telesailen bidez, beste bizimodu liluragarriagoaren irudia etenik gabe sartzen zitzaien etxeetako egongela apaletara. Zuzendariak argazki hori baliatzen du Irango sistema soziopolitikoaren eredu patriarkalari, emakumeekiko jazarpen eta askatasun faltari eta txirotasunari, ageriko kritikarik egin gabe, kritika egiteko.

Metafora moduan erabilita, filmak aurrera egin ahala, ekialde hurbileko paisaia idor horietako irudiekin batera gogoak hegan egiten zidan beste leku batzuetara, oro har Afrikako migratzaileek atzean utziak izanen dituzten paisaietara. Haiek ere, beren herrialdeetako txirotasunetik, bortizkeriatik eta jazarpenetik ihes egitea dute helburu, jakin badakitelako beste lurralde batzuetan aukera hobeak izan ditzaketela. Zeren eta bizitza hobetzeko kontzientzia hartua duenak galtzeko gutxi duenean asko arriskatzeko prest izaten baita. Halaxe egin izan dute gure familia arteko migratzaileek ere hamarkada luzeetan.

Horregatik, etsigarria da Europako estatuek darabilten azoka, migratzaileak merkaderia gisa trukerako kupo eta kuota. Lotsaren harresiak harrokeriaz eraikitzea dute xede bakarra, deserrituak eta pariak gaizkile bihurtuta. Batzuek epe laburrean Marte planeta pertsonekin kolonizatzea dute helburu, beste batzuek harresien gainetik bizitza duina izateko ametsa aiduru.