Nora zoaz markesa galant hori?

Igandean botoa emateko eguna. Tankera guztietako antzerkia, oldarkeria eta gezurra bihurtu dute kanpaina goi mailako politikariek. Horietako askok urteetan egindakoaren beste muturrekoa ere eskaini dute lotsarik gabe. Udaletakoak eta, oro har, herri txikiagoetakoak zintzoago eta umilago ibili dira. Horrela, nekez helarazten dute mezu sinesgarririk, zenbaitetan, “barregarri” ere gelditzen dira. Halaxe bada, Sakanan ere izan dugu irudi mediatikoa eta bitxi samarra. Hain zuzen ere, Cayetana Álvarez de Toledo markesa tituluduna izan dugu Etxarrin bisitan, bi zinegotzigai (murchantearra bata eta tuterarra bestea) aurkeztera etorria.

Cayetana, Fadrique Álvarez de Toledo II. Albako dukearen ondorengoa da. Hark, 1512. urteko uztailean, 15.000 kidez osatutako gudarostearen buru zela, Sakana zeharkatuta, Nafarroako konkista gauzatu zuen. Etxarriko plazan, Cayetanak aldarrikatu zuen Nafarroak “libertad” edo “sumisión” jarreren artean hautatu behar duela, 500 urte eta gero! Elite aristokratikoaren alabak, sona handiko unibertsitate bateko titulu gorenez jantzita eta hitz jario arinez, jauntxokeriaren eta espainolismo supremazistaren harrokeria azaldu eta horien aldeko aldarria egin zuen, XVI. mendeko konkistatzaile mentalitateari dagokion bezala. Hala ere, jakinen du nafarrok historikoki pertsona askeak izan garela, inoiz ez plebeioak edo sierboak. Menderatuak bai, baina ez garaituak. Horrexegatik, ez zitzaion inor atera alfonbra gorria jartzera, bere markesa tituluari burua makurtzera. Alderantziz, herritarrek gorotz alfonbra jarri zioten, txistuz eta eltze-burrunbaz lagunduta, ongietorria ez zela adierazteko. Izan ere, hauteskunde kanpainan etorri da, Etxarri oihartzun kutxa bezala hartuta, hemengoa gutxietsiz Espainia aldean botoak eskuratzeko helburuz. Ziurrenik, beste garai batean etorriz gero, elkarrizketarako jarrera zintzoarekin, elkarbizitzaz, gatazka politikoaren ebazpenaz, ekonomiaren indartzeaz eta aberastasuna banatzeaz, nafarren burujabetzaz, eta abarrez hitz egitera, beste ongietorri bat izanen luke. Baina, hori ez da Espainiako elite aristokratikoarengandik espero dena.

Nolanahi ere, hurrengo lau urtetako Nafarroako Gobernuaren, Udalen eta Europaren politikagintza eredua jokoan dago: etorkizun koloreduna ala zuri-beltzekoa. Hortaz, igandeko hauteskundeetan boto bakoitza garrantzitsua izanen da, bestela, botorik ez emateak arerioari boto baten abantaila ematen dio.