Astekoa

Errutina

Erabiltzailearen aurpegia Aingeru Mikeo Azpirotz 2022ko ira. 5a, 09:06

Irailean sartu gara, udaldia atzean utzita. Batzuek nekez hartuko dute; opor ondorengo estresa izanen omen dute. Baina, asko izanen dira gustura hartuko dutenak urteko errutinara itzultzea. Izan ere, atzean geldituko da garai kaotikoa, zeinetan denborak ere bere ohiko erritmoa galtzen duen, erlojua pilarik gabe gelditzean bezala, minutuak eta orduak zentzurik gabe luzaturik. Haurrak egun osoa kalean inolako kontrolik gabeko ekintzetan, araurik gabe, eta gurasoen kezkarako bide. Nerabeak etenik gabeko gaupasa eta parrandetan, gurasoen lo gabea eta kirioak dantzan. Turista petoz maskaratuta, bidaia estresagarriak, jendez lepo betetako leku itogarriak bisitatzera. Oihala zabaltzeko tokirik gabeko hondartzak, eta hondar harea belarrietako zuloetan sarturik, eguzkiaren bero zakarra. Familia arteko konpromisozko otordu eta barbakoak, koinatu moldagaitzarekin pasatu beharreko bazkalondo jasangaitzak.

Bai, askok gustura hartuko dugu errutina moldagarrira itzultzea. Erlojua martxan jarriko da, eta egunak izanen du zentzua. Haurrak eta gazteak hasiko dira ikasten eta izanen dute ordutegia. Berriz ere bakea izanen da etxean. Lanera itzultzea gogor samarra izanen da jefe eta enkargatu txatxuen aginduetara, baina gustura hartuko dugu lankideen arteko kafea. Halaber, izanen dugu geure bizitza antolatzeko aukera, eta egiteko izanen ditugu makina bat jarduera, kirola egiteko, edo kultur ekintzetan.

Hala ere, errutina ere aspergarria denez, dagoeneko hasiak gara hurrengo oporraldirako falta diren egunak kontatzen.