Etxe orratzak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Igoa 2014ko ots. 28a, 06:00
Aurreko batean Madrilen izan nintzen, eta arkitektoa naizenez azken urteotan eraiki dituzten lau dorreetatik pasatzea derrigorrezkoa iruditu zitzaidan.

Lau dorre hauek espainian dauden etxe orratzik garaienak dira. Ikusgarriak iruditu zitzaizkidan 250 m altuerako eraikin hauek, horregatik etxe orratz edo gaztelaniaz esaten den moduan “rascacielos”-ei buruz labur-labur hitz egingo dut oraingo honetan.

Etxe orratzak Estatu Batuetako Chicago hirian sortu eta ondoren New Yorken perfekzionatu ziren. Eraikin mota honek ikuspegi urbanoan iraultza ekarri du azken ehun urteotan. Gaur egun modernitatearen irudi bilakatu dira hiri eta lurralde desberdinetan.  Etxe orratzen garapenean lagundu duena igogailuaren sorrera izan zen. Eraikuntzan lortu ziren aurrerapen teknikoek ere honetan zerikusia izan zuten, hau da, altzairua, hormigoi armatua eta beiraren sorrerak  funtsezkoak izan dira arlo honetan.

Lehenengo etxe orratz kontsideratu zen eraikina, Chicagoko Home Insurance Building izan zen.  Le Baron Jenney izeneko arkitektoak diseinatu zuen eta 1884 -1885 urteetan eraiki zuten.  Eraikin hau sortu ondoren munduko, hiri garrantzitsuenak etxe orratzez betetako negozio guneak sortu dituzte, hiri bakoitzaren irudi berezigarri bat emanez.

Munduko etxe orratzik garaileena Dubai-n dagoen Burj Khalife da. Bere 828 m-ko altuerarekin, gizakiak eraiki duen egiturarik garaiena da. Irakurri dudanez 1.140 milioi € kostatutako obra izan da.

Beti bezala gertu dugun adibide batekin bukatzea nahiko nuke, 165 m altuera duen Bilboko Iberdrola dorrea alegia. Euskal Herriko eraikin moderno esanguratsuenetakoa bihurtu da Gugghenheim museo ondoan dagoen beirazko erraldoi hau.