Saenz de Oiza

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Igoa Nazabal, arkitektoa 2015ko mar. 13a, 08:00

Gaurkoan ere beste arkitekto nafar baten txanda izango da. Francisco Javier Saenz de Oiza alegia. Hau Casedan jaio zen 1918an eta 2000.ean hil. Seguraski jende askok izenez ez du ezagutuko baina bere eraikinetara hainbat aldiz gerturatutakoak izango dira.

Estatu mailan obra oso garrantzitsuak eginiko arkitektoa izan zen baina bakarrik niretzat esanguratsuenak direnak azalduko ditut gehiegi ez luzatzeko.

1950. urtean Oñatin dagoen Arantzazuko santutegia diseinatu zuen beste artista batzuen laguntzaz baliatuta. Adibidez, Jorge Oteizak fatxadako 14 apostoluen frisoa diseinatu zuen. Bertara gerturatzeak asko merezi duela esango nuke, eliza berezia nahiz desberdina baita. Hormigoizko eraikin modernoa da eta ederra baina oso erakargarria duen zerbait daukala esango nuke. Ingurua gainera ezin ederragoa da.

1960an, Madrilen etxebizitza nabarmen batzuk diseinatu zituen. Eraikina planta biribila duten hormigoizko dorre itsatsi batzuk osatzen dute eta goiko aldean espazio-ontzi itxurako etxebizitza batzuk gailentzen dira. “Torres blancas” izena ipini zioten 71 metro alturako eraikin honi.

Madrilen jarraituz beste eraikin esanguratsu bat Castellana etorbidean dagoen 107 metroko BBVA dorrea. 1961. urtean eginiko altzairu eta kristalezko eraikin ederra da.

Gertura etorrita, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zenbat ikaslek ikusiko zuten bertako eraikinak bereziak eta desberdinak zirela. Campus hau Saenz de Oizak 1987an diseinatutakoa da. Eraikinen berezitasun bat instalakuntzak agerian daudela da.

Bukatzeko bere azken obra izendatuko dut, esaterako Altzuzako Oteiza museoa. Itaroa atzeko aldean antzeman daitekeen eraikin moderno bat da, eta bertara gerturatzen denak arkitekto handi baten lana sentituko du Oteizaren obrak ikusten dituen bitartean.