“Segurtasun aldetik, auto klasikoek jostailuzkoak dirudite. Xarma aldetik, ordea, oso bereziak dira”

Erabiltzailearen aurpegia Eñaut Agirrebengoa 2014ko uzt. 4a, 08:00

Leire Lazkoz, Altsasuko auto klasikoen topaketako antolatzailea.

1.- Zergatik ekin zenioten egitasmo honi?
Beste toki batzuetan egiten diren kontzentrazioetara maiz joaten gara, eta asko gustatzen zaigu izaten den giroa. Hori dela eta, ideia polita iruditu zitzaigun Altsasun horrelako kontzentrazio bat antolatzea, eta bihar izanen da.

2.- Zenbat denbora daramazue prestaketa lanetan?
Bi hilabete inguru daramazkigu buru-belarri prestaketa lanetan. Azpimarratzeko modukoa da denbora horretan zehar kolaboratzaileengandik jaso dugun laguntza. Zumalakarregi enparantzako tabernak, Urbasako campinga, Ramiro autoeskola, Txartel paper-denda, Juga tailerra... Ez dira asko, baina sekulako laguntza eskaini digute.

3.-Topaketa hau antolatzen duzuen lehenengo urtea da. Jarraipena emateko asmorik?
Bai, gure asmoa urtero egitea litzateke. Zumalakarregi enparantzara jende asko hurbiltzen bada eta ondo pasatzen badute, gure helburua betetzat emango dugu. Hori lortzen badugu, ekimenari jarraipena ematea gustatuko litzaiguke.

4.- Ekainaren 30ean itxi zen izena emateko epea. Zenbat lagunek parte hartuko dute?
Momentuz 64 auto daude izena emanda. Hala ere, azken unean beti izaten da parte hartzeko asmoz deitzen duen norbait, beraz, kopuru hori oraindik handitu daiteke. Horrez gain, eguerdian Urbasako campingean izanen den bazkarirako 100 pertsonek eman dute izena.

5.- Proiektua abiatu zenutenean halakorik espero zenuten?
Ez, inondik inora. Gure aurreikuspena 30 kotxe inguruk parte hartzea zen, eta azkenean kopuru horren bikoitza lortu dugu. Benetan pozik gaude, batez ere kontuan hartuta lehenengo urtea dela. Orain falta den gauza bakarra Zumalakarregi enparantzara jende asko hurbiltzea da.

6.- Noiz kontsideratzen da auto bat klasiko?
Kontsiderazio horretan batez ere autoaren adina da kontuan hartzen dena. Kotxe batek klasiko izateko 25 urte baino gehiago izan behar ditu. Ezaugarri tekniko eta antzerakoek ez dute garrantzirik auto bat klasiko gisa izendatzeko garaian.  

7.- Urteen joanaren ondorioz mantentze lanak zailagoak izango dira...
Bai, akaso hori da aspekturik konplexuena. Piezak bilatzea oso zaila da, ez dituelako jende askok ekoizten. Askotan, gainera, pieza horiek urruneko herrialderen batean fabrikatzen dira, eta horiek hona ekartzea oso zaila izaten da. Era berean, pieza horien prezioa oso altua izan ohi da. Lan oso neketsua da, baina autoa egoera onean mantendu nahi izanez gero ezinbestekoa da.

8.- Gaur egungo autoak eta auto klasikoak konparatu ezkero, zeintzuk dira desberdintasun nabarienak?
Oraingoak lehengoak baino askoz ere seguruagoak dira. Egungo autoek denetarik daukate, segurtasun prestazio garatuak barne. Duela 25 urteko autoek, alde horretatik, jostailuzkoak dirudite. Hala ere, lehengo autoek oraingoek ez duten xarma berezi bat dute. Gainera, nahiz eta egungoak bezain seguruak ez izan, gehiago irauten dute. Oraingo kotxeek badirudi iraungitze data bat daukatela. Behin adin batera iristen direnean, arazoak besterik ez dituzte ekartzen.

9.- Sakandarrek auto klasikoekiko zaletasunik badute?
Bai, uste dut hemengo jendeari auto klasikoak eta, oro har, autoak asko gustatzen zaizkiola. Hortaz, larunbatean jende ugari bilduko delakoan nago.

10.- Auto klasikoekiko zaletasunaz dihardugula, zuri noiztik datorkizu auto hauekiko afizioa?
Esan bezala, auto klasikoen kontzentrazio askotan izan gara, eta horietan izan ostean zaletasuna erruz sortzen zaizu. Gainera, hemen eginen den topaketa antolatzen aritu garenez, esan daiteke auto klasikoez inguratuta ibili garela. Lehendik ere banuen zaletasuna, baina horren guztiaren ondorioz handitu egin zait.

11.- Marka askotako autoak ikusteko parada izanen dugu larunbat honetan. Horien artean baduzu kuttunik?
Gehien gustatzen zaizkidanak Alpine, Seat 124 eta Renault 5 dira, akaso horiek direlako gehien ikusten ditudanak. Agian larunbatean besteren bat ikusi eta lehentasunak aldatuko ditut.