Irabazi ala ez, aho zapore ona nagusi Altsasu Xtreme lehiaketan

13 pertsonako lau talde aritu ziren nor baino nor, altxorra lortzeko helburuarekin.

Joan zen larunbatean jokatu zen Altsasuko Gazte Asanbladak antolatutako Altsasu Xtreme abentura lehiaketa.  Parte hartzaileek proba ugari gainditu behar izan zituzten, pistak lortuaz altxorra lortzeko. Jarduerak ez ziren soilik fisikoak izan; buruari eragiteko hainbat proba ere egin zituzten. Eguraldi atseginaz lagunduta, parte hartzaileak ahalegin betean ibili ziren egun osoan zehar, eta irabazi ala ez, denek bukatu zuten aho zapore gozoarekin.

Lehiaketari goizeko 11:00 eman zitzaion hasiera, parte hartzaileak Foruen Enparantzan bildu eta taldeka antolatu ostean. 13 pertsonako lau talde aritu ziren nor baino nor: Uberkazuloko loinak, Txunkaiko kunkunak, Sozarretako saguzarrak eta Baikolarko bareak. Behin hasi eta eguerdira bitartean hainbat proba egin zituzten, tetris erraldoia, fardo igoera edota oztopo zirkuitua, kasu. Ondoren, geocatching proba, heliozko puxikak lehertzeko proba eta karaoke proba izan zituzten. Azkeneko ariketa herrian zehar egin beharreko ibilbide bat zen, zinema zaharrean ezkutatuta zegoen altxorrera eramango ziena.

Helmugara iristen lehenak Baikolarko bareak izan ziren, egun osoan zehar beste taldeekiko alde ederrarekin ibili ostean. Hortaz, talde honetako kideak izan ziren altxor preziatuaren edukia ezagutzen lehenak: gaztetxeko bandera handi bat, edari hotzez eta fruitu lehorrez beteriko kutxa handi bat eta premium  edo luxuzko afari bat.

Eguna amaitzeko, afaria, bideoen emanaldia eta debatea
Egindako esfortzuen ondoren, parte hartzaileek Altsasuko Gaztetxean afaltzeko aukera izan zuten. Afariaren ostean, egunean zehar grabatutako bideoen emanaldia egin zen, parte hartzaileek casting-ean esandakoak eta bestelakoak erakusteko.  Debatea ere ez zen falta izan, non talde bakoitzak egunean zehar gertatutakoen inguruko iritzia eman zuen.