Igandean 1936ko altxamendu faxistaren biktimen oroimenezko ekitaldia ospatu zen Urbasan. Azken 35 urteetan egin bezala, omenaldia Etxarri Aranazko Udalak eta Sakanako Fusilatuen Senideen Elkarteak antolatu zuten. Aurtengo edizioa, baina, berezia izan zen; izan ere, hainbat urte iraun dituen ikerketaren ostean, aurtengo apirilean 1936ko irailaren 6an hil zituzten bost etxarriarrak (UGTko kide ziren Clemente Araña, Paulo Garciandia, Andres Gonzalez, Antonio Maiza eta Narciso Artola) Otsoportillon egon beharrean Urbasako saroian zeudela jakin zen. Horren ondorioz, antolatzaileek omenaldiaren topagunea bikoiztea erabaki zuten, eta Otsoportillon eta Urbasako saroian ekitaldi bana egin zen (orain arte ekitaldi bakarra egiten zen, Otsoportillon).
Gauzak horrela, lehen ekitaldia saroikoa izan zen, eta goiz samar izanagatik ere, 10:30 inguruan hasi zen, jende dezente bildu zen gorpuzkiak aurkitu zituzten lezearen inguruan, ikurrinak eskuetan, bertan bizia galdu zutenak omentzeko. Ekitaldi honetan hizlaria Balbino Garcia de Albizu historialaria izan zen. Ameskoarra izan zen saroiko lezean aurkitu zituzten hezurren identifikazio prozesuaren abiarazlea (bere aitonetako bat, Balbino Garcia de Albizu Asuabarrena, bertara bota zuten faxistek), beraz, bertaratu zirenek lekukotza ezin baliotsuago bat entzuteko parada izan zuten. Garcia de Albizu azken lau urteetan egindako bideaz mintzatu zen, tartean aurkitutako oztopo eta zailtasunak azalduz. Honen hitzen ostean, dantzari talde batek aurreskua dantzatu, eta lore eskaintzari ekin zitzaion.
Bere aldetik, Otsoportilloko ekitaldia, 12:30ean hasita, jendetsuagoa izan zen. Lezearen inguruak jendez mukuru bete ziren, agerian utziz, urteek aurrera egin arren, jendeak ez dituela 36an eta ondorengo urteetan eginiko basakeriak, eta berauen biktimak, ahazten. Ekitaldia Etxarri Aranazko alkate Eneka Maizek hitz batzuekin hasi zuen, eta, ondoren, ikerketa prozesuan Garcia de Albizuren bidelagun izan den Amaia Urkijori (honen aitona ere saroiko leizean aurkitu zuten) eman zion hitza. Honek azaldu zuenez, gorpuzkien identifikazioa ez zen lan erraza izan, zenbait instituziotatik ez zutelako behar zen babesik jaso. Zentzu horretan, askotan limosna eske zebiltzala zirudiela azpimarratu zuen. Urkijoren hitzen ostean, saroian egin bezala, dantzariek aurreskua dantzatu eta lore eskaintza egin zen; eta ekitaldiarekin amaitzeko, antolatzaileek bertaratutakoei auzatea eskaini zieten.
Hurrengo urratsa: Otsoportilloko gorpuzkien identifikazioa
Omenaldiaren ostean Amaia Urkijok adierazi zuenez, saroiko gorpuzkiak identifikatzeak memoria historikoari begira urrats handi bat izan zen, baina oraindik “lan asko” dago egiteko: “Oraindik jende asko dago identifikatzeke, tartean hamabi bat sakandar, eta Urbasan dagoen sima kopurua ikusita ez da lan erraza izango”. Gauzak horrela, hurrengo urratsa Otsoportillon dauden gorpuzkien identifikazioa izan beharko litzatekeela azpimarratu zuen. Ikerketa historikoa ia bukatuta dute, eta orain, Urkijoren esanetan, hondakinak aztertzeko garaia da, “lan batere samurra izango ez dena”. Izan ere, saroiko leizearen gertatu ez bezala, Otsoportillokoa irekita egon da, beraz, gerta liteke gorpuzki asko desagerturik egotea. Dena den, Urkijok ez du esperantza galtzen: “Honaino iritsi bagara, aurrera egiten jarraitzeko da. Hemendik denbora batera espero dut beste aitona bat aurkitu dudala esan ahal izatea”.
Instituzioen aldetik jaso beharreko laguntzari dagokionez, Urkijok baloia Nafarroako Gobernu berriaren teilatuan jarri zuen, esanez erakunde hau dela, Memoria Historikoaren Legeak dioen bezala, identifikazio gastuak bere gain hartu behar dituena. “Azken Gobernuak entzungor egin zien gure eskaerei, eta DNA frogak azkenean senideen eta zenbait udaletxeren artean ordaindu behar izan genituen. Oraingoan Gobernu berriak behar bezalako erantzuna emango duela espero dugu. Azken batean, DNA frogen faktura ordaintzea besterik ez diogu eskatzen, beste lan guztia (ikerketa, gorpuzkinak lurpetik ateratzea…) gure gain hartzen baitugu”, aitortu zuen Urkijok.