1.- Zergatik erabaki zenuten euskal arrazako txerriak hazteari ekitea?
Ideia duela urte eta erdi inguru jarri genuen martxan. Oihanek, umeak izan ostean, ez zuen lanik, eta zerbait lortu nahi genuen. Gure buruari zera galdetu genion: Arbizun zer dago sona handia duena? Txistorra izan zen bururatu zitzaigun lehen gauza. Baina paradoxikoa den arren, Arbizun ez dago txerririk. Horrela, lagun batzuek harremanetan jarri gintuzten Elizondon euskal txerriak zituen pertsona batekin. Azkenean, autoktonoa den txerri arraza horren alde egin genuen apustu.
2.- Orain hainbat ekoizle zaudeten arren, garai batean arraza hau desagertzear izan zen.
Bai. 1929an 158.000 euskal txerri zeuden zentsatuta. 1981erako, baina, soilik 50 abelburu gelditzen ziren. Ale hauek Pierre Oteiza izeneko aldudarrak aurkitu zituen Parisko azoka batean, eta berauek hazten hasi zen. Egun oso ongi antolaturiko hainbat harategi ditu Iparralden. Hemen, Arbizun, Intia enpresa agronomoa hasi zen arraza hau berreskuratzen. Gauzak ez ziren nahi bezala atera, eta ustiapena Oronoz-Mugairira eraman zuten. Egun, negozio honetan erreferentzia Lekunberriko Maskarada enpresa da.
3.- Txerri arruntarekiko zer desberdintasun du euskal txerriak?
Haragia eta tamaina, batez ere. Txerri zuria askoz azkarrago hazten da, handiagoa egiten da, eta hori guztia euskal txerriak baino pentsu gutxiago janda. Gainera, kume gehiago egiten ditu. Arrazoi horiengatik egon zen desagertzear. Azken batean, txerri zuria errentagarriagoa da. Alabaina, euskal txerriaren haragia oso berezia da. Gantz asko du. Urdaiazpikoak, adibidez, mundialak dira.
4.- Zuek uneon zertarako ari zarete ekoizten?
Pixkanaka goaz. Orain arte ia denetarik egin dugu. Arbizuko txistorra-azokarako, adibidez, txerri bat erre genuen, eta sekulako arrakasta izan zuen. Bestalde, txorizoa, saltxitxoia, hirugiharra, patea, odolkia eta txantxigorria ere saldu genuen. Jendearen erantzuna oso ona izan zen. Orain freskoan ari gara saltzen. Ale guztiak berehala erosten dizkigute.
5.- Errentagarria al da euskal txerria haztea?
Hala espero dugu. Momentuz ezin dezakegu ondorio handiegirik atera. Txerri hau 12-15 hilabetetan hazten dena, txerri zuria 9 hilabetetan hazten da. Beraz, pazientzia eduki behar da. Lan asko egin behar da, hilabete askoan sosik ez ikusteko. Jarduteko modua oso desberdina da. Guk txerriak ez ditugu egitura estu batean sartuta; libre daude. Zelaia eta zotolak ditugu, besterik ez.
6.- Egunerokotasunean zer lan egiten duzue?
Txerriei bazka ematen diegu; amek erditzen dutenean, nola dauden ikusten dugu; txerrikumeak zaintzen ditugu; parasitoen kontrako produktuak ematen dizkiegu; handitzen direnean eraztuna jartzen diegu muturrean… Ez da sekulako lan pila izaten, baina egunero jardutea eskatzen du.
7.- Nafarroan ekoizle gutxi zaudete. Estrategia zuzenena, indar metaketa izango da.
Bai. Hemen jende oso gutxi gabiltza. Hasieratik garbi genuen bakarka arituta gauzak aurrera ateratzea askoz ere nekezagoa izango zela. Horrela, bada, Nafarroako gainontzeko ekoizleekin elkarte bat eratu genuen. Orain, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako elkarteekin konfederazio antzeko bat egin nahiko genuke. Iparraldekoak oso aurretik ditugu; jada jatorri izendapena dute. Gure asmoa da Nafarroan ere aurrera egitea.
8.- Diru-laguntzarik jasotzen duzue?
Babestutako espezieak hazten dituztenendako badaude subentzioak. Zernahi ere, oraindik ez dugu halakorik eskatu. Datorren urtean agian saiatuko gara laguntzaren bat lortzen. Bi urdangarekin hasi ginen, orain lau ditugu, eta hurrengo urtean, apika, beste bi izango ditugu. Eta laguntzez ari garela, azpimarratzekoa da Arbizuko udalak eman digun hauspoa. Lur-sail handi bat behar genuen, eta udalak utzi digu.
9.- Zuk, Aitor, beste lan bat ere baduzu. Bi jardunak bateragarriak dira?
Bai, bateragarriak dira, baina Oihanek asko laguntzen nauelako. Bakarrik egongo banintz, ezinezkoa litzateke. Bien artean, aldiz, ederki moldatzen gara.
10.- Produktuak nola merkaturatzen dituzue?
Salmenta zuzenaren bidez. Lehenik, senitarteko, lagun eta ezagunen artean zabaldu ditugu gure produktuak. Orain dela oso gutxi hasi gara salmentekin, eta pixkanaka goaz. Hori bai, jendeari ekoizten ari garena gustatzen ari zaio. Eskari franko ditugu dagoeneko. Produktu desberdinez osaturiko loteak ari gara saltzen, bakoitza 40 eurotan.
11.- Etorkizuna nola dakusazue?
Orain arte egindakoa ikusita, etorkizunari baikortasunez so egiteko arrazoiak ditugu. Urte eta erdian asko egin dugu: zotola guztiak eraiki, itxiturak jarri, 30 bat buruko txerri-taldea zaindu… Aurki, beste bi urdanga ekartzea espero dugu, taldea handitzen joateko. Horrela, abeltzaintza ustiapen gisa emango genuke alta. Horrek kontrola zorrotzagoa izatea ekarriko du.