Hunkigarria! Itxaropentsua!

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Bilgunea Altsasu 2018ko mar. 16a, 08:13

kolaboratzaileak

Martxoaren 8a pasa eta hurrengo kolaborazioa ezin dugu beste modu batez idazten hasi: aurtengo Martxoaren 8ak emakumeen egoera, nekea eta haserrea ere islatu ditu, baita Sakanako emakumeena ere.

Aurtengoa izan da feminismoak urteak eta urteak –azken boladan 100 urte– lantzen ari denaren ondorioa; emakume feministen mugimendurik eta hausnarketarik gabe gizartea ez zela urrats honetan izango, dudarik gabe! Hau da gure lehenengo konklusioa.

Sakanan ere inoiz ikusi ez dugun hainbeste emakume atera gara manifestazioetan eta greban, beste lekuetan moduan, Sakanan ere asko hobetu behar direlako emakumeen bizitzeko eta lan egiteko baldintzak. Martxoaren 8an emakumeok lau esparru sozialen diskriminazioak azpimarratu ditugu: enpleguan, zaintzan, ikasketan eta kontsumoan  gertatzen direnak. Gizarteari argi erakutsi dizkiogu; beraz, hemendik aurrera inork – pertsonek, erakundeek eta gobernuek– ezin du ezagutu ez dituela esan.

Behin hau eginda, orain irtenbideak jartzeko beharra dugu. Irtenbide horiek esparru guztietatik atera behar dira, hau ez delako emakumeen arazoa soilik, baizik eta gizartearen arazoa; beraz, gizartea da diskriminazioa ezabatu behar duena.
Hau egiteko, argi dugu erakundeek legea betetzea lehenengo pausua dela. ‘Legea betetzea’ esaten dugu, nahiko arautegi aitzindaria dugulako une honetan, nahiz eta bete gabe egon: administrazioak, enpresek, sindikatuek, erakundeek ez dute berdintasun- araudia betetzen. Eta baieztapen hau errealitatera eramateko, galdera batzuk: Sakanako Udal guztiek ezagutzen dute zer egiteko beharra duten? Legeak esaten duen moduan, Sakanako enpresa guztiek berdintasun-ekintzak garatzen dituzte? Noizbait hitzarmen sindikal batean emakumeen lan egiteko neurriren bat sartu da? Badakite zer egin emakumeen kontrako indarkeriaren kasu batean?

Norberak martxan jarri behar dituen irtenbideak ere badaude: gure buruaren eta gure ondoko jendearen zaintzaren ardura hartzea; eraso sexistak ez onartzea, are gehiago ez egitea; emakumeen hausnarketa, iritziak, erabakiak errespetatzea….eta emakumeen artean, ahizpatasuna sortzea.

Orain jakin ere badakigu zer egin. Martxoaren 8ak, elkartasunaz gain, lan egiteko konpromisoa utzi digu. Hartu eta aurrera!