“Denok Berdinak Denok Desberdinak” kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Igone Razkin Andra Mari ikastolaren izenean 2017ko ots. 24a, 08:11

kolaboratzaileak

Andra Mari Ikastolan sortzen ari ziren behar ezberdinei erantzuna emateko, duela hamahiru ikasturte Denok Berdinak Denok Desberdinak izeneko kanpaina martxan jarri genuen. Gure heziketaren helburu nagusia ikasleak era integralean garatzea eta gizartean integratzea denez, saio hauek aniztasunaren trataeran aurrera pauso bat izateko asmoarekin abiatu ziren. Gaia ikasgeletan lantzeaz gain, ateratako ondorioak sozializatu egin ohi dira eta zenbait kanpainetan familiei parte hartzera dei egin zaie.

Urte hauetan zehar landu diren gaien artean: familia motak, besteekiko eta ingurumenarekiko errespetua, genero berdintasuna, jatorri ezberdinetako pertsonak, aniztasun funtzionala (Hezkuntza premia espezifikoak)… izan dira.

Aurtengo ikasturtean, “Izan gaitezen arduratsu, zaborra birziklatuz” lelopean birziklapenaren gaia landu dugu. Kanpaina honen helburua, ikastolan nola etxean gehiegizko kontsumoaren eta birziklapenaren inguruan hausnartzea eta kontzientziatzea izan da. Horretarako, aste batean zehar ekintza ezberdinak burutu ditugu, hala nola, familiendako galdetegia, beraien parte hartzea sustatuz, zabor ontzietan jartzeko txartelak diseinatu, jokabide egokien dekalogoak…

Gainera, kanpainari amaiera emateko gonbidatu berezi batzuk izan ditugu, Sakanako Mankomunitatean lan egiten duten Beñat Agirre eta Itziar Zudaire. Hauek egindako antzerki eta emandako hitzaldiei esker, kanpainari bukaera borobil bat eman ahal izan diogu.