Hipoteka mailegu bat itzuli ezinik, egoerari aurre egiteko hainbat aholku (I)

Erabiltzailearen aurpegia Hipotekek kaltetutakoen plataforma 2014ko ots. 28a, 06:00
Hipotekarengatik Kaltetutako Sakanako Pertsonen Plataformatik aholku praktiko batzuk emanen dizkizuegu, norbaitek hipoteka mailegua itzultzerik ez badu zer egin behar duen argitzeko:

 

· Funtsezkoa da jakitea aseguru poliza batek hipotekaren ordainketa bermatzen ote duen, ordaindu behar duena lanik gabe edo ezindurik gelditu bada.

· Finantza entitateek zorra berriz negoziatzeko agertzen duten ezintasuna kontuan harturik, komeni da baldintza berriak arreta handiz aztertzea, ordainketa geroratze hutsean eta interes handiago batean gelditzen ahal baita. Irtenbide hori egokia izanen da kaltetutako pertsonak bere diru-sarrerak eta gaitasun ekonomikoa handitzeko itxaropena badu, bestela, ez.

· Hipotekatutako etxebizitza lanbide edo enpresa jarduera bati loturik egonez gero, ezin izanen da kendu, kaltetutakoa lehiaketan dagoela aitortzen bada.

· Lursaila enkantean atera ondoren, kaltetutako pertsonak eskatzen ahal du etxebizitzatik alde egiteko eman dioten epea luzatzeko, bere gorabehera pertsonalak kontuan harturik.

· Gobernuak iragarri zuen hipoteka luzamenduaren helburua da hipotekak ordaintzeko kuoten %50 luzatzea zati eta denbora batez, baldin eta hipoteka horiek 2009ko martxoaren 1etik 2011ko otsailaren 28ra bitarteko epean sinatu baziren. Hilean 500€ izanen dira gehienez, eta ohiko etxebizitza erosteko eratu den hipoteka baten titularrei soilik aplikatzen ahalko zaie, baldin eta 2008ko irailaren 1a baino lehen sinatu bazen eta hipotekaren kopurua 170.000€ edo gutxiago bada. Era berean, ez dute etxebizitza halako luzamendu batean izan beharko. Baldintza horiek betetzen badira, luzamendua eskatzen ahalko zaio banku entitateari, baina garrantzitsua da jakitea bankuak ez duela nahitaez luzamendu hori egin behar.

Kontuan harturik indarreko legeek eta administrazioek eskaintzen dituzten neurri eskasek ez dutela egiazko irtenbiderik ematen, kaltetutako pertsona guztiei dei egiten diegu HIPOTEKAK KALTETUTAKO PERTSONEN PLATAFORMArekin bat egiteko. Horrela, bada, indarrak elkartu, irtenbide errealak eskatu eta eredu aldaketa bultzatuko dugu, etorkizunean egungoaren gisako krisirik gerta ez dadin.

www.afectadosporlahipoteca.com
pah.hkp.sakana@gmail.com
636 968 368