Gaztea izatearen aukera

Erabiltzailearen aurpegia Altsasuko Udal Gazte Arloa 2017ko ots. 24a, 08:02

kolaboratzaileak

Duela urte asko, 2009. urtea Gazteriaren Nazioarteko Urtea izendatu izanari buruzko artikulu bat irakurri nuen. Artikuluan, gazteengandik urrutien dauden erakundeek, "goi mailako" erakundeek, alegia, esaten zuten oso garrantzitsua dela gazte-politiketan programa eta gai jakin batzuk sartzea, besteak beste, honako hauek: erakundeen eta gazteen arteko elkar ulertzea, bakea eta elkarrizketa, elkarbizitza, giza eskubideak eta elkartasuna.
Beste ikerketa batek, Gazteen Behatokiak duela gutxi egindakoak, esaten du gizarteak oro har eta gazteek bereziki, politikarekiko motibazioa galdu zutela orain dela urte asko, baita konfiantza gutxi dutela ere politikari "profesionalengan”.

Iritzi hori abiapuntu hartuta, baieztatu daiteke gazteei ez zaiela politika interesatzen? Ez litzateke probetxugarriagoa izango geure buruari eta neska-mutilei galdetzea beraien ustez zer den politika, nola eta zertan gustatuko litzaiekeen diru publikoa gastatzea?

Bistakoa da gazteentzat interes eta kezka-iturri direla bizi duten ezegonkortasuna, enplegu eta etxebizitza falta eta gizarte bidegabekeria. Oso garbi daukate zein zailtasuni egin beharko dieten aurre etorkizunean, eta gizartearekiko konpromisoa dute.  Eta beste modu eta erritmo batzuen arabera antolatzen dira; izan ere, agerikoa da ondo ikasia dutela politika ez dagokiela soilik erakundeei, baizik eta herritar guztiei. Gure erronka da erakundeek eta gazteek elkarrekin lan egitea, bizitzaren arlo guztietan balioak sustatzeko.

Duela hilabete gutxi gure herrian egindako bidegabekeria izugarriari erantzun irmoa eman diote, eta horrek argi utzi du gizartea osasuntsu dagoela parte-hartzeari, antolakuntzari, elkartasunari eta giza eskubideen defentsari dagokienez. Guztiz sinetsita gaude duela gutxiko gertakarien aurrean gazteek emandako erantzunak munduan parte hartzeko modu berri bat markatu dutela, eta ikasketa horrek lagunduko diela arduratsuagoak, solidarioagoak eta etorkizunean gertatzen den edozein gertakariren aurrean kritikoagoak izaten, baita gure herritik kanpo izaten diren gertakariekin ere. Hori guztia ez al da POLITIKA?