Iratxeko elkarkide batek Popularreko akzioetan inbestitutako guztia berreskuratuko du

Iratxek Banco Popularraren aurkako lehenengo epai irmoa irabazi du. Banco Santanderrek (Popularra euro batengatik erosi zuelarik) kaltetuari 2016ko azaroan erakundearen akzioetan inbestitu zituen 2.600 euroak itzuli beharko dizkio. 
Elkarteak gai honengatik kaltetutako 180 pertsona defendatzen ditu eta auzitegien aurrean lehenengo hamabost demandak aurkeztu ditu. Eskatutako kopuruak 2.000 eta 80.000 euro baino gehiagoko tartean daude.

2017ko ekainaren 7an Banco Santanderrek Banco Popular erosi zuen euro batengatik. Eragiketaren ondorioz erakundearen akziodunak eta mendeko zorraren titularrek beren inbertsioen balio guztia galdu zuten. Gure Elkartea salmentaren unez geroztik hasi zen lanean kaltetutako kontsumitzaileen eskubideak babesteko.

Irabazitako epaiaren kasuan, kontsumitzaileak 2016ko azaroan Banco Popularreko akzioak erosi zituen 2.599 euroko balioarekin, urte horretako maiatzean bankuak onetsitako kapital handitzearen barne. Iratxeko elkarkideak erakundea auzitara eraman zuen bere egoera ekonomikoari buruz informazio faltsua emateagatik.  

Epaileak bankuari gogoratzen dio halako kasuetan bere egoera finantzarioari buruz informazio "argia eta ulergarria" emateko betebeharra duela. Halaber, nabarmentzen du informazio horrek garrantzi handia duela pertsona batek akzioak erosteko erabakia hartzeko orduan. Tuterako epaitegiak erabaki zuen Banco Popularrek kapital handitzearen aurreko urteetan argitaratutako kontuak “ez zutela benetako egoera finantzarioa era egokian adierazten”.