Nire laguna Dahmer

Zer pentsatuko zenuke, zure gazte garaiko lagun batek, 17 pertsona hil eta zenbait ekintza higuingarri egin dituela jakiten baduzu?

Derf Backderfek Nire laguna Dahmer idaztea erabaki zuen. Ez da bere asmatutako istorioen antzekoa, bertan, bere gazte garaiko laguna izan zen Dahmer deskribatzen baitu. Ziurrenik oraindik liburuaren berezitasuna ez da argi ikusten, baina jakin ezazue, Dahmer izeneko bere lagunak, heltzean, Milwaukee-ko harakina ezizena irabazi zuela 17 pertsona hiltzeagatik. Eta hilketak ez ziren izan bere gaiztakeria higuingarrienak. Gehiago jakin nahi izanez gero, bilatu interneten, zutabe honetan ez ditut deskribatuko eta.

Derf-ek, bere gazte garaiko Dahmer laguna hiltzaile bat bihurtuko zenik ez zuen inolaz ere sumatu. Bai, Dahmer-ek bazituen berezitasun eta zailtasun ugari, bere etxean, bere buruan, eskolan... baina hasieratik argi agertzen da komikian, egilearen ustez, Dahmer-ek egin zuena egiteko ez zuela inolako aitzakiarik. Pertsona askok dituzte mundu honetan arazoak eta ez dira hiltzaile bihurtzen. Aldi berean, Dahmer bera baino arraroagoko ikasleak ere baziren beraien artean.

Garai hartan, Dahmer-ek hildako animaliak bildu, eskolako ordutan mozkortu, animalien buru-hezurrak gorde edo ikastetxeko laborategian kristalezko poteetan gordeta zituzten animaliak lapurtzen zituen. Ikasleen artean arraro xamarra zela pentsatzen zuten, baina ez zen inor ohartu, pertsona helduak batez ere, Dahmer-ek nolabaiteko desoreka emozionala zuela buruan.

Gero jakin izan zen, Dahmer-en barruan sentimendu homosexualak pizten hasi zirela garai hartan, eta hori, Estatu Batuetako herrixka batean ezin izan zuen normaltasunez adierazi. Aldi berean, bere buruan, hildako gizonezkoekin zituen fantasiak, bere desioa errudun sentimenduarekin nahasten zuelarik. Eta bakarrik zegoen munduan. Ziurrenik ezer gutxi egin zitekeen bere alde, baina urte haietan guztietan pertsona heldu bat beragana hurbildu izan balitz, laguntza behar zuela konturatu eta gutxienez nolabaiteko kontrola ezar zezakten. Baina ez gurasoek (garai hartan banandu ziren, eta aldi berean Dahmer alde batera utzi), ez irakasleek (ez zuten ezer esaten klasera ez zihoanean edo goizeko zortzietan mozkor eginda agertzen zenean) ez zuten ezer egin, eta bere barruan sentitzen zuen  nahastea handituz joan zen, kontrola galdu zuen arte.

Komikia, Dahmer atxilotu zutenean egilearen buruan forma hartuz joan zen, baina inork argitaratu nahi ez zuelarik, 24 orrialdeko komikia besterik ezin izan zuen bere poltsikotik ordaindu. Hala ere, sariak jaso eta interesa piztu zuenean, lana berregitea erabaki zuen, berak kontatu nahi zuen istorioak 24 orrialde baino gehiago behar zituelako, eta honela sortu zen "Nire laguna Dahmer", ia 200 orrialdeko liburua.