Japoniako kulturan, ohikoak dira mamuak, izpirituak eta jainkoak. Eta honen adierazgarri bezala ikus ditzakegu beldurrezko gaiak lantzen dituzten liburu, komiki eta pelikula mordoa.
Japonia ezagutzen dudan herrialde aberatsenetarikoa da mitologia kontutan. “Non Non Ba” komikian adibidez, ehunaka izpiritu eta mamu deskribatzen dira, ahoz aho zabaldu diren ipuinen ondorioz. Hiru ataletan banaturiko idatzia luzatu nahi dizuet, lehenengoa, irakurtzen ari zaren hau, mitologia klasikoaren inguruan, hau da, Japoniako izaki mitologiko gutxi batzuen bilduma.
Kappa
Laku eta erreketan bizi den deabrua da Kappa, baina Sintoismoaren barruan, uraren jainko bat bezala onartua dago. Haur heldu baten altuerako izakia da, pertsona baten antza duelarik baina narrasti batzuen ezaugarriekin, ala nola dortokaren mokoa eta oskola, ezkataz babesturiko azala berdea eta uretan iaioa.
Esaten omen denez, Kappek haurrak uretan ito egiten dituzte jan aurretik, nahiz eta beste esamesa batzuek itotako haurrak Kappa ere bihurtzen direla dioten. Dena den, argi dagoena zera da, haurrak uretatik urrun mantentzeko gurasoek erabilitako kondaira dela.
Akaname
Japonian aspaldidanik eman zaio garrantzi ikaragarria egunero bainu bat hartzeari eta bainugela, oso garbi mantentzen dute beti. Zergatik? Hona hemen arrazoia. Akaname, bainugela zikina egotekotan agertzen den deabrua da, bainuontzian agertutako zikinkeriak miazkatzeko. Azala gorria eta mingain luzea duen izakia da, zikinkeria edozein zulo ezkututatik ere miazkatzeko. Berak ez du inolako minik ematen pertsona arruntei, baina beste izaki arriskutsuagoak erakarri ditzake denbora luzez zure etxean geratzekotan.
Kodama
Nik, Miyazakiren “Mononoke printzesa” pelikulan ezagutu nituen izaki zoragarri hauek. Basoetako zaindariak dira, eta natura babestea da beraien helburua. Txikitxoak dira, pertsonen itsurakoak naiz eta batzuetan erdi garden ager daitezke begi aurrean desagertuz. Hala ere, oso indartsuak dira eta normalean bakezaleak diren arren, norbaitek natura suntsitzearen ondorioz asaldatzen badira, mendeku bila joan daitezke bere bila.
Shinigami
Heriotzaren jainkoak dira berez, nahiz eta historian zehar ezaugarri ezberdinak izan duten. Normalean pertsona batek bere buruaz beste egitera animatu egiten dute, beraien ondoan dagoen pertsonari hiltzeko gogoak sortzen zaizkiolarik. Death Note manga famatuan adibidez, liburuxka beltza bat dute gainean, non norbaiten izena bertan idatzi ondoren, pertsona hori hiltzeko ahalmena duten.