Homeopatiaren astea (I): zer da homeopatia?

Erabiltzailearen aurpegia Josu Lopez-Gazpio 2016ko api. 12a, 09:32

Martxoak lau zituen Bartzelonako Unibertsitateak Homeopatia masterra bertan behera utziko zuela jakin genuenean. Albiste pozgarria, alabaina, erakunde publikoak eta osasungintza sasizientziaren atzaparretatik askatzeko bide luzea dago egiteko, tamalez. Aste honetan argitaratzen dudan artikulu-sorta izan dadila zientziaren hauspo.

Azken asteotan homeopatiaren aldeko eta aurkako zalaparta handia egon da hedabideetan eta (bereziki) sare sozialetan. Zer da, baina, homeopatia? Bada, homeopatia Samuel Hahnemann-ek sortu zuen 1810ean eta bere ateraldietan oinarritzen da. Besterik ez. Hain zuzen ere, homeopatiak Kimikaren, Fisikaren, Biologiaren eta Medikuntzaren oinarrizko printzipioak ukatzen dituen sasimedikuntzaren atala da. Hauek dira homeopatia babesten dutenek sinesten dituzten printzipioak:

1- Antzekotasunaren legea: similia similibus curantur, alegia, antzekoak antzekoa sendatzen du. Substantzia toxiko batek pertsona osasuntsu bati eragiten dizkion sintomak substantzia horrekin berarekin senda daitezke. Esate baterako, Berlingo harresiak goibeltasuna eragin zuenez, Berlingo harresiaren diluzio homeopatikoak goibeltasuna sendatzeko balio dezake. Ez da txantxa: hemen eros dezakezu Murus Berlinensis izena duen pilula homeopatikoa.

2- Dosi minimoen legea: sendagaiaren efektua bere kontzentrazioarekiko alderantziz proportzionala da, alegia, sendagai bat dosi txikiagoan hartzen bada, haren sendatzeko ahalmena handiagoa da. Halaber, dosia zenbat eta txikiagoa izan, sendatzeko ahalmena orduan eta handiagoa da.

Bi printzipio xelebre horiek oinarri hartuta, Hahnemannek Organon der Rationellen Heilkunde argitaratu zuen, eta gaurdaino. Definizio inpartzialago bat nahi baduzu, ene irakurle, Elhuyarren hiztegira bideratuko zaitut, baina definizioaren bukaera hauxe irakurriko duzu: «Ikerketa zientifikoek agerian utzi dute ez dela plazeboa baino eraginkorragoa». Nola prestatzen dira, ordea, pilula homeopatikoak?

Sendagai horiek egiteko, diluzio zentesimal hahnemanndarrak (C edo CH) erabiltzen dira. Diluzio horietako bakoitzean, substantzia eragilearen disoluzioaren 1 mL hartzen da eta 99 mL ur gehitzen zaizkio. Similia similibus-aren arabera, esaterako, loezina sendatzeko kafeina beharko genuke. Tira, 1 CH diluzio homeopatikoa egin dugu. Jarraian, disoluzio horren 1 mL hartzen badugu eta 99 mL ur gehitzen badizkiogu, 2 CH diluzio homeopatikoa prestatu dugu, eta abar. Pauso bakoitzaren ondoren, ontziari Biblia batekin kolpeak ematea aholkatzen zuen Hahnemannek (egun metodo tradizional hau jarraitzen da, zenbait kasutan). Edonola ere, prozedura hori hainbat aldiz errepikatuz 30 CH, 100 CH edo 200 CH disoluzioak izango ditugu. Likido horrekin azukrezko pilulak busti eta prest dugu gure sendagaia. Zenbat eta gehiago diluitu, eraginkorragoa!

Zalantzak ditudan arren, esango nuke Hahnemannek ez daukala errurik. Garai hartan, Avogadroren zenbakia (materian dagoen partikula kopurua), geneak, mikrobiologia, zelularen beraren egitura, eta abar ezezagunak ziren. Medikuntza asko aldatu da aurrerapauso zientifikoei esker. Homeopatiaren oinarriak, berriz, Hahnemannek XIX. mende hasieran proposatu zituen bezala mantentzen dira. Arraro samarra, ezta?

Orduan nola liteke pilula homeopatikoek arrakasta izatea? Mediku edo zientzialari batek esan dezake homeopatia erabiliz bronkitisa sendatu duela. Agian zuk zeuk uste duzu pilula homeopatikoekin sendatu zarela. Baliteke egia izatea, baina, emaitzak zientzia-komunitatean onartuak izateko metodologia zorrotz baten arabera neutu behar dira. Gaixotasun asko berez sendatzen dira, beste batzuk ziklikoak dira. Horren aurrean, zientziak metodologia bat dauka eta homeopatiari buruzko ikerketek inoiz ez dute probarik gainditu. Logikoa da: 12 CH diluziotik aurrera, jatorrizko substantziaren molekula bat bera ere ez dago disoluzioan.

Esandakoagatik, argi dago homeopatiak kalterik ez duela eragiten, baina, arriskua handia da. Hain zuzen ere, benetan eraginkorra den tratemendua baztertzen badugu pilula homeopatikoekin sendatuko garelakoan, ondorio larriak jasan ditzakegu. Are gehiago gaixotasun larrien kasuan: minbiziaren aurkako sendagai homeopatikoak badaude, tamalez.

 

Arriskua eta plazebo efektu garestia, besterik ez. 

 

Artikulu-sorta guztia:

Homeopatiaren astea (I): zer da homeopatia eta zergatik da arriskutsua? - Sakanako Guaixe-n

Homeopatiaren astea (II): homeopatiaren eraginkortasuna - Durangaldeko Anboto-n

Homeopatiaren astea (III): homeopatiaren aldeko argudioen gainbehera - Arabako Alea-n

Homeopatiaren astea (eta IV): eztabaida homeopatikoa - Tolosaldeko Ataria-n