Bideo Artea

Erabiltzailearen aurpegia Laida Aldaz Arrieta 2014ko mar. 14a, 06:00

Zinema esperimentala 20. hamarkadan sortzen den mugimendu artistikoetako bat da.

Jarduera berri hau zinema komertzialetik kanpo garatzen da, ordura arte zineman ezarritako arauak apurtuz. Artista esperimentalek ez diote narrazioari garrantzia ematen eta denborarekin jolasten dute linealtasuna hautsiz. Testura desberdinak esploratzen dituzte, ikusleak, arrazionaltasuna alde batera utziz, sentsazio mundu batean sar dadin eta obra nahi duen moduan uler dezan.

Margolan surrealistek eragin handia dute arte honetan. 1929 urtean, Luis Buñuel (zinema zuzendaria) eta Salvador Dalíren (margolaria) arteko kolaborazioaren ondorioz sortutako Un perro andaluz obra lehen aldiz proiektatu zen Parisen. Artistek, bi ametsetan inspiratuta, sinbolismo eta metaforaz betetako film labur hau sortzen dute, zinema surrealistaren obra adierazgarriena bihurtuko dena.

Urte batzuk beranduago, komunikabide berrien agerpen eta teknologiaren aurrerapenekin batera bideo artea sortzen da 1960 inguruan eta honen eraginez baita bideo instalazioak. Arte mota honek, ikus-entzunezko hizkuntzaren bitartez garapen artistikoa du helburu.

Parisera joateko aukera baduzue, Bill Viola artistaren atzera begirako erakusketa ikustea gomendatzen dizuet, hau baita gaur egun bideo instalazioaren ordezkarietatik nabarmenenetariko bat. Artista honek mugimenduan jartzen diren margolanak sortzen ditu. Etengabe aldatzen du errealitatea, begiak ikusten duenarekin jolastuz. Metaforaz betetako lanak aurkezten ditu, non bere kezka existentzialak azaltzen dizkigun: nora goaz? Nondik gatoz? Zer da bizitza? Eta heriotza?...

Baina bideo artea oraindik jendeari oso arraroa egiten zaion arte mota da, jende gehienak ez du ulertzen zertarako edota zergatik egiten diren lan gehienak. Obra hauek gehienetan hain abstraktuak direnez askotan desorientatuta uzten dute ikuslea. Zergatik dugu beti gauzak argi edukitzeko beharra? Zergatik ez dugu artista hauek ematen diguten askatasuna balioztatzen? Zergatik behar dugu beti ikusten dugunaz ziur egon?