Arte Iragankorra

Erabiltzailearen aurpegia Laida Aldaz Arrieta 2014ko eka. 27a, 06:00
Iraunkorra ez den edozein adierazpen artistikoari deitzen diogu arte iragankorra.

Nahiz eta arte mota hau betidanik existitu den, honen kontzeptua XX. mendean sortu zen. Behin-behineko (transitorio) arte hau, une batekoa bezala ulertzen dugu.


Alexandre Gustave Eiffel-ek Eiffel Dorrea 1889an sortu zuen, Parisko erakusketa unibertsalarentzat. Hura, adibidez, erakusketa bukatzean desegiteko asmoarekin eraikin zen, baina izan zuen arrakasta ikusita bertan utzi zuten, eta Frantziaren hiriburuaren ezaugarri ezagunena bihurtu zen. Baina obra iragankorren helburua ez da luzaro mantentzea, beraz noizbait existitu diren proba bakarra argazki eta bideoetan aurkitzen dugu.

Iragankorrak diren arte moten artean inprobisazioa, body art-a, moda, makillajea, lorakuntza, piroteknia, ile-apainketa, hondar eskulturak, performance-a eta graffitia aipatu ditzakegu beste batzuen artean. Land art izenez ezagutzen duguna ere, sailkapen honetan egongo litzateke. Naturan aurkitzen diren materialekin (egurra, lurra, harriak, area, ura…) eraikitzen diren obrei deitzen diegu Land art. Paisaian integratuta eta elementu naturalen menpe daudenez denborarekin desagartuz doaz.

Bizitza mugatua duten obrak sortzen diren aldi berean, hauek existitu diren probaren beharra dugu argazki eta bideoen bidez eta, beraz, paradoxa haundi bat sortzen da. Arte iragankorra museoetatik irten nahi badu ere, modu zuzenean bueltatzen da hauetara. Artistak, behar ekonomikoak direla eta, proiektu, maketa edo erakutsi eta saldu daitezken produktuak asmatzera behartuta daude (Christo artistak instalazio monumentalak sortzen dituen aldi berean, txikiagoak eta salgarriak diren beste batzuk egiten ditu). Beste batzuek bideoen bitartez erregistratzen dituzte obrak, salgai bihurtuko diren produktuak baitira. Gordon Matta-Clark-ek eraikinetan egiten zituen mozketen bidez, barneko elementu konstruktibo guztiak agerian uzten zituen, eta haien lekukotasun bakarra argazkien bitartez jaso dugu, Sophie Callen bizitzaren intimitatea eta gertaeren berri dugun era berean. Fraçis Alÿs-ek hirian egiten dituen akzioen eragin politiko eta sozialen ikerketak eta Roman Signer-ek istripuaren bitartez gelditzen den konposaketen emaitza bideoetan ikus ditzakegu. Land art delakoan, instalazioaren tamaina murriztu egiten da museoetara erakusketa moduan eraman ahal izateko (Richard Long). Beraz, komertziala ez den une bateko lana sortzen bada ere, nolanahi salgarria eta iraunkorra bihurtzen da. Banksy- ren graffitiak orain dela urte batzuk ezabatu ziren arren, gaur egun oso garestiak saltzen dira.

 Natura eta denboraren menpe daudenez, edozein izaki bizidun bezala jaio eta hiltzen dira lan hauek. Zein interesgarria lan bat sortzea hil egingo dela jakitun.