“Haurdun egoteaz gain milaka gauza egin daitezke”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko ots. 20a, 07:59

Montse Moyano: Kume zentroko sortzailea

1. Nola sortu zen Kume bezalako zentro bat sortzeko ideia?
Hamasei urte daramatzat kirolaren munduarekin harremanetan, polikiroldegi ezberdinetan klaseak eman ditut, Araian, Etxarri-Aranatzen, Arbizun, eta Altsasun esaterako. Beste alde batetik, ama bi aldiz izan naiz, eta haurdunaldietan behar ditugun gauza asko antzemateko balio izan dit. Erditze momentua iritsi baino lehen prestaketa ikastaroak daude, baina hortxe geratzen da dena, zeozer gehiago sakondu nahi badugu beste norabait jo beharko genuke. Haurdun geratzen diren emakume askok beren egoeragatik ekintza fisikoa baztertzea erabakitzen dute, eta hori norbanakoaren erabaki bat da noski. Nik esan dezaket haurdun egoteaz gain milaka gauza egin daitezkeela, eta horretarako espreski prestatzen diren ikastaro eta tailerrak daude.

2. Zer dela eta jarri diozue Kume izena zentroari?
Kume, Emakume hitzaren erdia da, zergatik erdia? Gizonezkoak ere etor daitezkeelako, horrela erabaki genuen. Gizonezko batzuek ekintza fisikoa egitea gustuko dute eta honera gerturatzen dira, edota fisioterapeutarengana ere etor daitezke, edota disfuntzio sexuala pairatzen duten gizonentzat zoru pelbikoaren trataera oso gomendagarria da. Gure zentroaren izenaz gain logoaren inguruan hitz egitea gustatuko litzaidake. Bi bihotz eta kiribil edota espiralak irudikatu ditugu. Jaiotza bihotz txikiarekin irudikatzen dugu, eta amarena bihotz handia da, espiralek berriz bizitza irudikatzen dute.

3. Non dago Kume zentroa eta zein dira zuen azpiegiturak?
Etxarri-Aranatzen dago gure zentroa, Larrañeta kaleko bigarren zenbakian. Azpiegiturei dagokienean areto nagusi bat dugu klase bideratuak emateko, eta beste bi logela dauzkagu. Bata fisioterapiarako erabiltzen da eta bestea berriz, emaginak erabiltzen du.

4. Nori zuzenduak daude zentroko ekintzak?
Sei eta zazpi urteko umeak etortzen dira adibidez Zumba egitera, baina hortik aurrera nahi duena gerturatu daiteke. Hemen lantzen ditugun tailer, eta ekintza guztiak publiko zabalari irekitzen dizkiogu, beraz, hemendik jendea animatu nahi dugu, gure zentrora etorri eta egiten duguna ikus dezatela.

5. Zerbitzu ugari eskaintzen dituzue, zer eskaintzen du emaginak?
Emaginaren eginkizuna oso garrantzitsua da batez ere emakume baten bizitzan. Gai ezberdinak landu daitezke emaginaren kontsultan, hala nola, haurdunaldia, erditzea eta erditze ondokoa, edoskitzea, jaio aurreko prestakuntza, sexualitatea, kontrazepzioa, menopausia etab. Dena dela, eginkizun batzuk nahiz eta emakumeekin zuzenean erlazionatuta egon, edonor gerturatu daiteke emaginaren aholkuak oso lagungarriak izan daitezkeelako. Honetaz gain ere, porteo tailerra dagoeneko hasi egin da eta edoskitze kolikoen inguruko beste tailer bat hasiko dugu.

6. Fisioterapia zerbitzuak?
Zerbitzu honi dagokionez, fisioterapia arrunta izanen genuke, gihar edota mugimenduak tratatzen dituena, eta fiosioterapia neurologikoa, gaitz neurologikoekin zerikusia duten tratamenduak lantzen dituena. Honetaz gain, zoru pelbikoaren fisioterapia izanen genuke. Azken honek hainbat patologia saihesten ditu, erdiondokoa eta erditze aurrekoa, menopausia, txizari ezin eustea. Oso lagungarria da fisioterapia zehatz hau. Honetaz gain, haurrentzako masajeak eskaintzen ditugu.

7. Beste alde batetik klase bideratuen zerbitzua eskaintzen duzue?
Bai Osotara bost klase bideratu eskaintzen ditugu. Haur eta helduentzako Zumba, Hipopresiboak, Esferodinamia, K-stretch eta Tonibar. Lehenik, klase bakoitzean zer lantzen den jakiteko, hipopresiboekin hasiko gara. Bertan, gihar kateen barnean pelbis-zorua indartzea helburu duten jarrera ariketak egiten dira. Esferodinamian baloi handi batzuk erabiltzen dira, indarra, oreka eta koordinazioa lantzeko besteak beste. K-stretch-a aldiz, gorputz-jarreraren berreziketarako metodoa da, oso lagungarria bizkarra eta lepoko minentzako. Azkenik, Tonibarrekin,  gure gorputza modu integralean landu eta tonifikatuko dugu, eta hemen ere indarra eta oreka hobetzeko aukera izanen dugu.

8. Mendebaldeko mundutik irteten diren teknikak ere lantzen dituzue?
Bai halaxe da. Txinako medikuntza tradizionalari tarte bat egin diogu. Ekialdeko medikuntza tradizionaletatik zaharrenetakoa da Txinatarra. Naturaren oinarrizko legeak betetzea eta ezagutzea dira Txinatar medikuntzaren oinarri filosofikoak. Gure organismoak eta naturak elkarreragin handia dute, hortaz tratamenduek ere harreman estua dute ideia hauekin. Akupuntura zerbitzua eskaintzen dugu ere, hauxe Txinatar medikuntza tradizionalaren teknika bat da. Min kronikoak, kontrakturak, lesioak edota gripea bezalakoak tratatzeko erabiltzen da. Esan beharra dago mina arintzeko oso lagungarria dela.

9. Zenbat denbora daramazue lanean?
Abenduaren 7an ireki genuen, inaugurazio eguna izan zen. Ostirala izan zen egun hori eta hurrengo asteartea lehen eguna izan zen guretzat astelehena festa eguna izan zelako. Orduz geroztik orain arte lanean aritu gara astero-astero.

10. Jende asko gerturatu al da?
Bai egia esan oso pozik nago, gutxinaka-gutxinaka geroz eta jende gehaigo gerturatzen ari da. Ordutegiak jendearen eskaintzaren arabera egiten ditut, moldatu egiten ditut bertaratzen direnen denbora librearen arabera. Adibidez, astelehenetan klase gutxiago ematen ditut baina asteazkenetan gainezka aritzen gara. Hau dena egunez-egun egiten ari gara, jendeak eskatzen duenaren arabera.

11. Nola jarri gaitezke kontaktuan zuekin?
Lehen esan dizudan moduan gure zentroa Etxarriko Larrañeta 2 kalean dago. Honera gerturatzen den edonor ongi etorria izanen da eta informazio asko izanen du eskura. Bestalde, sare sozialetan webgune berezi bat prestatu dugu edonork ikus dezan.  centrokume@gmail.com edota 664361166 telefenoan aurki gaitzakete.