55 urte bete ditu zubiko istripuak

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko mar. 13a, 11:37

1960ko martxoaren 15ean gertatu zen ezbeharra Etxarri Aranatzen. Auto baten barruan 10 bidaiari zihoazen eta Arakil ibaira erori ziren. Horren ondorioz, istripuan zortzi pertsona hil ziren. Hildakoen artean gehienak Casadamon-Rodriguez familikoak ziren eta Gipuzkoatik beren herrira, Sesmara, itzultzean gertatu zen istripua. Egun horietan euri asko egin omen zuen eta errepideko zorua irristakorra zegoen. Antza denez, Etxarriko Baratzeta eremuan dagoen zubiko bihurgunean irristatu eta autoa ibaira erori zen.

Arratsaldeko bostak inguruan suertatu zen, momentu hartan Jose Luis Garmendia istripuaren lekuko izan zen beste hainbatekin batera, esaterako: Julian Aldasoro, Pedro Mari Garmendia edota Antonio Razkin Haiek garai hartan Etxarriana zerrategian lan egiten zuten, istripua gertatu zen lekutik 200 metrora hain zuzen ere. Hiru langile egurrarekin lanean ari ziren kanpoan eta autoa ibaira erortzen ikusi zuten. Lekukoek azkar batean abisua eman eta autoa bilatzera joan ziren. Egun hartan ur asko zekarren ibaiak eta, gainera, lokaztuta zegoen, hortaz, autoa ez zen ikusi ere egiten.

Bertan zeuden langileak berehala uretara sartu eta laguntzen saiatu ziren. Hamar bidaiarietako batek bere kabuz ateratzea lortu zuen, beste bati berriz, Pedro Mari Garmendiak pertikarekin uretatik ateratzen lagundu zion. Gainontzeko zortzien gorpuak gutxinaka-gutxinaka atera zituzten eta ondoan zegoen Materaan bordan utzi zituzten. Hasiera batean, autoa soka sendo batekin ateratzen saiatu ziren baina ezinezkoa egin zitzaien oso handia zelako eta astuna.

Sei gorpu nahiko azkar atera zituzten baina bik oraindik desagertuta jarraitzen zuten. Etxarri Aranazko emakume ugari gorpuak garbitzera eta txukuntzera gerturatu ziren Materaan bordara. Bitartean, zerrategiko kamioia ekarri eta enborrak mugitzeko kablearekin autoa ibaitik ateratzea lortu zuten. Autoan emakume baten hilotza agertu zen eta ibai barruan geroxeago apaizaren gorpua. Gero, zortzi hildakoak elizara eraman zituzten.