“Odola emateak pertsona bezala bete egiten zaitu”

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko mai. 15a, 08:05

Uxua Garziandia: Lakuntzako odol emaileen ordezkari berria.

1. Noiz erabaki zenuen odol emaile izatea?
Betidanik ikusten nuen jendeak odola ematen zuela eta nik ere horren parte izan nahi nuen. Hemezortzi urte bete arte ezin zara odol emaile bihurtu. Momentu hori iritsi zenean, hau da, adinez nagusi izan nintzenean, galdetzera joan nintzen, frogak egin eta baiezkoa eman zidatenean bihurtu nintzen odol emaile.

2. Familiagandik al datorkizu odol emaile bihurtzeko nahia?
Familian, ama aritu izan da odola ematen baina odol emaile bezala nik ez dut ezagutu. Batzuetan osasun arazoak direla eta edota tentsioa, baldintza jakin batzuk bete behar dira eta gure gorputza ez dago beti berdin. Lakuntzara autobusa etortzen zen, jendea bertara gerturatzen zela ikusten nuen eta horrek ere animatu ninduen. Kuriosoa iruditzen zitzaidan hasieratik, jendearengatik zer edo zer ona egiteko aukera duzu zure odola emanez eta hori oso polita iruditzen zait.

3. Zer sentitzen da odol emaile izanda?
Odola emateak pertsona bezala bete egiten zaitu. Jendea laguntzen duzu, eta horrek uste dut ongi sentiarazten zaituela hein handi batean. Besteekiko elkartasuna izatea eta horretaz ohartzea garrantzitsua dela uste dut eta horrelako ekintza batekin hori gehiago nabarmentzen da.

4. Lakuntzako odol emaileen ordezkari bihurtu zara, gazteen artean odol ematea zabalduta al dago?
Lakuntzan ez dago odol emaile gazte askorik, ni izanen naiz ziurrenik gazteenetarikoa. Orain ordezkari naizen aldetik gazteengana, baina baita jendearengana orokorrean iristen saiatuko naiz. Eta, batez ere, animatzen, agian batzuetan pentsatu izan dut informazio falta dagoela eta, horregatik, jendea ez dela gerturatzen. Arlo horretan saiatuko naiz lan egiten, jendeak ongi jakin dezan zertan datzan odol ematearena.

5. Igandean dominak banatu dituzue Lakuntzan?
Bai, hala da, dominak banatu ditugu, hogeita bost eta berrogeita hamar aldiz baino gehiago odola eman dutenak omendu nahi izan ditugu. Horrelako kopuruetara iristeko urteak behar dira, eta beraz, jendea helduago izatea normalagoa izan ohi da denbora behar delako. Alde horretatik, nik ardura sentitzen dut, gazteak erakartzea asko gustatuko litzaidake.

6. Adonako presidenteak odol emaile izatea eta gazteen presentzia nabarmendu nahi izan ditu ezta?
Bai, hori da, azkenean jende helduak hirurogeita bost urtetik gora ezin du odolik eman eta gazteen presentzia oso garrantzitsua da eta beharrezko esanen nuke nik. Etorkizunean azken finean gazteak dira gelditzen direnak, eta beraien parte hartzea ezinbestekoa izanen litzateke.

7. Ze baldintza bete behar dira odol emaile izateko?
Osasun ona izatea, hori da betekizunik garrantzitsuenetakoa. Pisu minimo bat ere bete behar da, kilo  kopuru jakin batetik gora ez baldin badago ezinen luke pertsona horrek odolik eman, tentsioa ere ongi izan behar da, botikak denbora jarraian hartzen duen jendeak ere ezinen luke, eta hirurogeita bost urte baino gutxiago izan behar dira. Baldintza horiek betetzen baldin badira edozein izan daiteke odol emaile gure gizartean.

8. Lakuntzako ordezkari berria zara, zer espero duzu ibilbide berri honetan?
Helbururik garrantzitsuena momentu honetan jende gaztearengana iristea izanen litzateke. Jende helduaren artean, orain arte ez badira odol emaile izan, orain ez dut uste eginen direnik. Horregatik, jende gazteari deia egiten diot, gonbidapena luzatu guregana gerturatzeko, galdetzeko, eta ni prest nago informazioa eskura jartzeko. Aurreko ordezkariak, Jesus Floresek urte asko eman ditu honetan lanean eta bere bidea jarraitzen saiatuko naiz, ahalik eta hobekien eginez gauzak. Autobusa etortzen denean gauzak antolatzen, bilerak egiten, zenbait gauzen ardura nik hartuko dut hemendik aurrera.

9. Odol emaile asko al dago Lakuntzan?
Aurreko urteko datuei begira 130 emaile daude gutxi gorabehera herri osoan. 1000 biztanleren bueltan dabil Lakuntza, eta bueno egia esan kopuru polita dela iruditzen zait. Kopuru hori dena den igotzea oso ongi etorriko litzaiguke, horretan saiatuko gara hemendik aurrera ere.

10. Gure gizartean garrantzitsua da odol emaile izatea, ezta?
Emaile izanda bizitzak salba ditzakezu, eta finean horretan oinarritzen da hau dena. Odolik gabe ezin gara bizi eta jende askok gure gizartean odola behar du, osasun arazoak direla eta, istripuak, hamaika arrazoi egon daitezke. Odola emateak ez du inolako gasturik, ez du arazorik sortzen gure gorputzean, eta emaile izanda analisiak egiten dizkigute eta emaitzak etxera bidaltzen dituzte. Onuragarria dela ere esan dezakegu, odola berrituz doalako gure gorputzean.

11. Nola ospatu zenuten igandeko eguna?
Ospakizun egun honetan zilarrezko eta urrezko dominak banatu ditugu, Lakuntzako emaileak omentzeko asmoz. Meza bat egin da goizeko 11:00etan eta ondoren lunch-a izan dugu. Momentu hori aurreko ordezkaria omentzeko probestu nahi izan dugu, eta Vitori Urrestarazuri ere eskerrak eman dizkiogu egin duen lanagatik, eta orokorrean oso egun polita izan dugu.