Janaria probestu etorkinak integratzeko

Erabiltzailearen aurpegia Larraitz Amadoz Lazkano 2015ko mai. 15a, 08:17
Lakuntzan aurretik aniztasuna ospatzeko festak antolatu izan ditu Txingurriyek.

Lakuntzako igerilekuetako sukaldean udaratik aurrera emakume etorkinek catering zerbitzua emanen dute proiektu integratzaile baten inguruan sortu den egitasmoari esker.

Txingurriye taldea duela sei urte sortu zen, lakuntzar berriak herrian integratzeko. Hasiera batean, eskolan umeen arteko harremana sortzeko helburuarekin aritu ziren lanean eta denborarekin aisialdian lan egitea otu zitzaien ere. Umeek integratzeko askoz ere behar gutxiago zutela konturatu ziren, eta familien eremuan lan gehiago egin behar zela antzeman zuten. Hausnarketa hori egin ondoren, Txingurriye taldeak bere ekimenak familien eremura bideratu zituen.

Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) gizarte arloan lan egiten duen Izaskun Andueza irakasle lakuntzarraren laguntzari esker proiektu berri horri indarra ematea lortu zuten. Anduezak Sakanako eta Lakuntzako etorkinen inguruko ikerketa bat egin zuen. Hala sortu zen duela urte batzuk Txingurriyek antolatutako integrazio elkartasun eguna. Ekintza horri bultzada ematea pentsatu zuten Txingurriye elkartean, elkartasun egunari segida eman zioten, tailerrak eginez, inauterietan balkoiak apainduz eta abar.

Igerilekuan
Ekimen guztiek bertako eta kanpoko herritarrak nahastea, biltzea, dute helburu funtsean. Joan zen urteko udazkenean, Unesco Katedrak unibertsitatean lana sustatzeko lehiaketarako proiektu bat aurkeztu zuen Anduezak, NUPeko ekonomia arloko irakasle den Martin Larrazarekin batera. Etorkinen lana bultzatzeko asmoarekin enpresa egitasmoa aurkeztu zuen.

Proiektu horren abiapuntua jakiak prestatzea izanen litzateke, emakume etorkinak elkartu eta gizarteratzeko. Hasiera batean egindako jakiak, pastak… catering moduko bat sortzea zen asmoa, azoketan saldu ahal izateko. Ideia horrek forma hartu zuen aurrerago, eta gaur egun egitasmoa burutzeko oso gertu daude. Lakuntzako Udalean igerilekuetako taberna erabiltzeko proposamena egin zuten Txingurriyetik, sukaldea erabiltzeko eta janari zerbitzua emateko asmoz. Udalak baiezkoa eman die, eta udaran bertan izanen dira, zerbitzu hori ematen, aurrera begira gainera luzatzeko aukera emanen diete proiektuak etenik izan ez dezan. Haiekin batera beste herritar batzuk izanen dira lanean, nahasita.