Bilbo eta Euskal Herria

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2014ko eka. 6a, 06:00

“Hiri egolatra batek behar zuen alkate egolatra”. Halaxe definitu zuen irrati solastari giputz  batek Iñaki Azkuna haren heriotza ondoko egunean. Luze eta zabal jo zuen Azkunaren kanonizazioak Bilbon eta euskal ( baita espainiar) bazter batzuetan eta “munduko alkate”aren azkenak Bilboren gaineko topikoak plazara ekarri zituen berriro.

Azkunak bere jardun mediatikoan bilbotarrismo txirene, begoñatar, operazale, burges, txikitero, monarkiko eta liberala hobetsi zuen. Bestelako ereduak har zitzakeen halaber, aurrekoa bezain bilbotarrak: langile giroko, rockzale,  errepublikano, euskaltzale edo otxarkoagatar. Unamuno beti gogoan, Gabriel Aresti katakonbetan.
Bilbo eta bilbotarrak maite ditugu, haien gehiegikeria eta espantuekin. Kontua da Bilbo eta bilbotarrak Pirinioari baino Castro Urdiales eta Laredori begira daudela eta euskaltasuna hitzetan bai baina egintzetan lander eta “Athletic geuria” esatearekin aski zaie. Batzuei gustatu ala ez Bilbo euskal metropolia da eta Europan zernahi naziok ( politiko zein kultural) metropoli engaiatu bat edo batzuk behar du/ditu  oinarri sendoez egituratuko bada. Metropoli engaiatu, adoretsu eta eskuzabala.

Bilbo ausart eta kementsu sartu zen XX. mendean eta hainbat ideiaren eta ekimenen sarbidea izan zen Euskal Herriarendako.  Autonomiarekin batera  Jaurlaritza Gasteizera eraman zuten eta Donostiari “ kultur hiriburu” balizko titulua eman zioten. Iruñea hiriburu historikoa beti. Baina dirua, bankuak  eta benetako erabakiguneak Bilbon, beti Bilbon. Euskal metropolian. Bada, ongi dago Unamuno gogoan izatea eta munduari begira egotea, baina  Aresti nor izan zen eta Kanpezu, Erriberri edo Zuberoa, non dauden ahaztu gabe.