guaixe.eus

Karlismoaren ezpal pindartsuak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

kolaboratzaileak

Lizarran, Egaren ondoan, bada karlismoaren museo bat, nafarren diruez hornitua eta mantendua, azken hilabete hauetan eztabaida sakon eta sano bat eragin duena. Nonbait bertan ematen den informazioa karlismoaren hainbat egia esanguratsu ezkutatzen dira eta Izquierda-Ezkerrak parlamentuan eginiko galdera baten karietara ika-mikak azaleratu dira karlismoaren inguruan.

Karlismoa Europan Ilustrazioaren aurka sortu zen mugimendu politiko konfesional eta erreakzionario horietako bat da, Espainiako erresuman gatazka dinastikoaren jantzia hartu zuena eta Euskal Herrian foruen defentsa lehenetsi zuena. Karlismoa, sortzez eta izatez, ideia eskuindarren kabia izan zen modernitatearen atarian. Hala ere, haren garapenean gutxi batzuek sozialismora, anarkismora edota abertzaletasunera jo zuten. Ados, baina karlismo ofizialak erreketea sortu zuen eta armaz hornitu.

Egia da gure aiton-amonen aitona dexente ibili zirela 1872-1876 arteko hartan txapelgorri, eta nik ez dakit engainaturik, beharturik edo konbentziturik joan ziren (agian historiak argituko digu), foruen, katolizismo irrazionalaren, Karlosen edo herri-lurren alde (historiak argituko digu?).

Nolanahi ere den, Argentinan peronismoak bezala, karlismoak ildo ideologiko guztiak blaitu eta zipristindu ditu gurean, eta ondorioz XXI. mendean hala gabiltza, aspaldiko mamuak astindu nahi eta ezinean. Jose Mari Esparza, Martorell eta Lacort kolektibokoak ezkertiarren dema historiografikoan liskarretan dabiltza. Jose Maria Iparragirrek zer bertso abestuko lieke? 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak