Zaldi urdina

Sumin eta samin, harro eta desafioka, arnas estuan eta hatsanka, irrintzia zorrotz eta xede larrian trostan dabil azken hilabeteotan, baita hurrengoetan ere, zaldi zangar bat euskal antzokietako oholtzak astintzen.
Artedrama, Dejabu eta Axut konpainiek ekoitzi eta taularatu duten “Zaldi urdina” antzezlanaz ari naiz. Unai Iturriaga eta Igor Elortza idazle eta Ander Lipus eta Fuchs gidari, drogaren lanbidea hinki hankarik gabe jorratzen dute dramaturgia zaindu, zaintsu eta hunkigarri batez.

Lipusen ibilbidea luzea bezain oparoa da, berak dio txikitan mezamutil gisa egin zituela lehen urratsak antzerkigintzan; aspaldi samarrean, orain hogei urtetsu , Altsasuko gaztetxean ikusi genuen “Ardoaz” sorkari guztiz inpaktatantea gorpuzten. Antzerkiaren abangoardian eta esperimentazioan beti, zerrenda mamitsua osatu du:  Errautsak ,  Hamlet edo Frankoren bilobari  gutuna, besteak beste.

Oraingoan ere gai korapilotsu eta minbera bati ekin dio, 80ko eta 90ko hamarkadetan drogaren ibiliak laga zuen txikizioa ispiluen bidez erakusten du, eta tragedia kolektibo honek dimentsio unibertsala duen arren, Euskal Herriko talaiatik aztertzen du.

Izan ere, gutxienez bi belaunaldi  heriotzaz eta oinazez zipriztindu ditu drogak goi  eta behe, eta nekez aurkituko dugu gure artean drogaren ondorio zitalak ezagutu ez duen herri, auzo, familia edota lagunaterik. 
Bitxia da, baina “relato” deritzan lehian drogak ez du toki jakinik, hortaz, kontakizun zintzo eta zabal batean izurrite honek zer rol izan zuen jakin beharko dugu inoiz. Bada, Zaldi urdina sorkariak ikuspegi zehatz eta zorrotz bat eskaintzen digu; bestetzuk etorriko dira.

Intriga bitxi bat, dramaturgia berrizalea (tarteka ulertzeko zaila), antzezleen lan bikaina, emaitza zoragarri bat…
Irurtzun, Etxarri edo Altsasuko oholtza batean apopilo uraiko ditugu “zaldun” hauek iluntze batez?