"Ez da oro maitatzea…

Norbera maitatzeko aitzakia? ” Honakoxea izan zuen goiburu urtarrilaren 31n Arbizuko Herriko etxean Juanjo Olasagarreren literaturgintza aitortzeko eta goraipatzeko egin zen ekitaldiak. 
Arrats epela (ia beroa) giro, neguaren bihotzean ginen arren mendi gainetan elur arrastorik ez zen ageri, eta Iyurbaingo aurrealde harro pertxentak urrekara ñabar eta hautsiak islatzen zituen. Sergio Goikoetxeak eta Juan Migel Arzelusek iradokikor jantzi zuten ebentoa. Juanjoren hainbat lagunek aletu zuten puskaz puska eta ahots gora idazle arbizuarraren literaturbide honezkero luzexkoa eta luxuzkoa.  

Izan ere, 1991n Gaupasak olerki lanarekin eman zion estreina. Geroztik itzulpena, nobela, antzerkia, hegoafrikar kronika, kazeta-zutabeak, bloggintza… gehitu dira ongi hornituriko zerrendara.Bada, literatura esplikatzeko eskolak eta belaunaldiak aipatzen dira, eta arbizuarra “Tropeleko” belaunaldikoa suertatu arren ordokian zein malda pikuetan, erlojupekoan nahiz esprintetan jardun bikainak osatu ditu bere letra-ibili koxkorrean, egokitu zaion garaia eta bizigunea gordin, apain eta zorrotz kontatzeko lantegiari muzin egin gabe, Sakanatik bere egia plazaratuz, irakurlearen begi, gogo eta bihotzak astinduz, goxatuz, aztoratuz, laztanduz… Horra Patxi Floresek aireratu zuenaren zati bereziki esanguratsu bat:

“ Erre/ erre eta fu egin/ fu egin eta pipatu/ eta posmodernitatearekin bat/ zein interesantak/ zigarroa eskuetan/ kameleoiak/ adibidez/ antzinako garaiez mintzo / lightki/ eta edadetuz/ kantatzen genuen/ gure koadrilan/ gure koadrilan/ desagertu franko/ jada koadrilarik ez dago/ ez orain eta ez gero. Gero bizitza etorri da/ eta badirudi/ (gaira heldu erabiltzearren) / grisa dela/ garaiekin moldatzeko beharrezkoa dena”.