Estatu Batuetako arrakala zornetsuak

Mikel Reparazen liburua erakusgarri eta argigarria da oso AEBetako oraingo egoera azaltzeko; musikaz eta errepidez ongi hornituriko movie road-narrazio-entsegua da eta herrialde honen historian ezagun samarrak diren gertakari zenbait xehe esplikatzen dizkigu, bai eta guztiz ezezagun baina funtsezkoak diren beste batzuen berri ematen digu, adibidez, Tuslako erahilketa masiboa.

Lehen Mundu Gerlaz geroztik ipar amerikar herrialdeak inperioa izateko bere "aukera" plazaratu zuen, Bigarren Mundu Gerlaz geroztik lehen potentziaren koxkaraino igo, eta Gerla Hotzaren garaile suertatu ondoren, mundua bere nahierara dantzarazi ahal zuela sinestera iritsi zen. 

Inazio Loiolakoaren esaldi gorena ("Zertarako irabazi mundua, norberak bere burua galtzen badu") aintzat hartu ez, eta bost kontinenteetan ustez nagusi zena, bere etxea aspaldi arrakalatzen ari zela ez zen jabetu. Reparazek taxuz erakusten du, hondamendia ez dela soilik Trumpen eskutik etorri, prozesu luze baten ondorioa izan da, seguruenez Reaganen agintalditik areagotu zena, eta azken presidente harroputz bezain ezjakinaren jardunaren eta pandemiaren ondorioz arrakalen ertz zakar eta jasanezinak ageri-agerian dira.

Bidenen eskutik lehengo "itxura txukuna" itzul daiteke agian hilzorian den inperio gazte eta dekadentera, baina gaitzak eta ajeak hain dira ugari eta sakonak, lau urteko epean deus gutxi egin ahal izanen baitu presidente adintsu berriak. Izan ere, itxaropena piztu zen Carterrekin, ilusioa Clintonekin, eta ia-ia neurrigabeko euforia Obamarekin, baina uste onak uste on, arrakalak handituz joan dira.
Bidenek eta Harrisek aurrean duten erronka larria eta animalekoa da, estatu batuar guzti-guztien neurrizko "american dream" eskuratzeko oinarriak paratzea.

Noraino izango ote dira gauza?  

Lau urte barru Mikel Reparazek beste liburu mamitsu baterako gai potoloa dauka.