Astekoa

Ibrahima Balde. Miñan.

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2022ko mai. 2a, 09:13

Irakurkizun daukat liburua. 2020an Susa argitaletxeak kaleratu zuenean, laudorio eta goraipamen ugariz hartu zuen kritikak eta publikoak Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen sorkaria.

Kazetari eta bertsolari hendaiarra txunditu zuen migrante honen kontakizunak eta liburu forma eman zion Ametsek. Gurean hedapen handi samarra izan ondoren, hainbat hizkuntzatara iritsi da Miñan (Anaia txikia) eta berriki Erromako aita santuak ekarri du hizpidera hegazkin bateko pasabidetik.

Ibrahima Balderen oinezko eta oinazezko ibilbidea beste miloika migranteren oinazebidea da. Beste bertsolari batek, Xalbadorrek, aspaldi samarrean Pirinioko bazterretan hildako migranteen tragedia salatu zuen gai hau nahiko ezezaguna zenean. Bidasoan, Mediterranoan, Atlantikoan...  Zenbat milaka hildako jasateko prest dago mundu aberats zibilizatua? 

Ukrainako gerrak berriro paratu gaitu kontraesan ezinago gordinen aurrean. Errefuxiatu zuri, kaukasoar eta kristauei bai, ateak eta leiho guztiak zabaldu, eta paperak errazten dizkiegu. Gainerakoekin nonbait legeak lege dira.

Horixe da Bergogliok ahobizarrik gabe, argi eta arrunt garbi salatu duena: ukrainarrei ematen diegun harrera bertsua eman behar diegu beste jatorrietakoei. Orain Europa aberatsak bizi-bizi eta di-da prestatu duen arkitektura logistiko eta burokratikoa posiblea beharko luke, seguruenez patxadatsuago, baina antzeko eraginkortasunarekin beste migrante batzuekin.  


Europako herrialdeetan elkartasun sareak sortu eta finkatzen ari dira, baina botere politikoaren konpromisoa falta da. Hortaz, Bruselan eta Estrasburgon erabaki ausartak hartu bitartean, jendarte zibilaren ahalegina eta emana ezinbestekoak izango dira.

Eta Europa gehienean, eskuin muturra hazten etengabe.