UEU. Uda, unibertsitatea eta beste

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2022ko uzt. 4a, 09:55

Edota Udako Euskal Unibertsitatea. Covid-aldia gorabehera, aurtengoan aurrez aurreko uda-jardunari ekin dio berriz ere hain esanguratsua den erakunde honek. Izan ere, 1973ko uztail urrun hartan Donibane Lohizunen Euskarazko saio akademikoei ekin zien euskaltzale talde sutsu batek, tartean Karlos Santamaria, Manex Goienetxe edo Txillardegi zebiltzala.

Geroztik, bide emankor eta oparoa osatzen ari da UEU.

Unibertsitate sistema publiko nahiz pribatuan Euskararen arrastorik ere ez zegoenean (irakaskuntza ertainetan ere deus gutti) udan saio akademiko batzuk antolatu ziren eta abiaburu xume eta koxkor hartatik Euskararen presentzia unibertsitate(et)an handituz joan da urtez-urte.

Euskalgintzako beste hainbat jardunetan bezala, hastapen herrikoi, grinatsu eta militantearekin abiatu zen auzolan erraldoi hau: Donibane Lohizune, Uztaritze, Iruñea (Larraona ikastetxeko aro mitikoa), Biarritz, Eibar, Baiona, Gasteiz... UEUk ekarpen eskerga egin dio euskal komunitateari: ikastaroak, aldizkari zientifikoa, liburuak, datu-baseak, graduondokoak, Ikergazte kongresuak, txio-tesiak...

UEU: ideien mintegi eta topaleku, euskalgintzaren elikagai eta akuilu, aurten 50 urte, eta horren karietara ospakizun sorta berezi batez bere burua erakutsi du euskaldungoaren aurrean. Xedeak garbi eta kemen berritua. Bejondeiola eta beste hainbat urte emankor!