Astekoa

Txileko egunsenti bortxaz hautsia

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2023ko urr. 30a, 09:02

Pinochetek eta CIAk estatu kolpea eman zutenetik 50 urte joan dira, "Palacio de la Moneda"ko gertakariak, Allendek bere buruari tiroa eman zionekoa milikoek eman ez ziezaioten, Neruda gaixotuaren gorputzari pozoinezko tratamendua eman ziotenekoa, Victor Jararen amaiera martiria, milaka eraildako eta desagerrarazi...

Txilek Latinoamerikar herrialdeetan demokrazia ibilbide luze eta sendoa zeukan, egitura egonkorrak, baina, ai ene! Bozketa bidez komunistek irabazi zuten, noiz eta Gerra Hotzaren aldi kritiko samar batean: Vietnam, Afrikako askapen mugimenduak, 68ko ondorenak.

Munduko sheriff-ak ezin zuen bere aginpidea kolokan paratuko zuen botere gehiagorik onartu, are gutxiago gorantza zihoan Hegoamerikan. Bortxaz eta indarkeria zitalez, Pinocheten makilarenpean, aurretik koxkortzen hasia zen bestelako alternatiba sozioekonomiko berri bati atea danbatekoz itxi, eta neoliberalismo basati, baina guztiz eraginkor bati ekin zion Txilek, garapen ekonomiko oparo eta ikaragarria edukitzeraino. Oparotasun haren banaketan, ordea, gauzak ez ziren batere txukun gertatu, eta desberdintasun soziala izugarri sakondu eta finkatu zen. 

 Egun, ezkertiarren gobernua Pinocheten konstituzioa aldatu ezinean dabil, hango eskuinak milikoen 73ko jarduna temati justifikatzen du eta Txileko jendartearen zati handi batek diktaduraren hainbat egintza ontzat hartzen ditu. 

Asteotan Yom Kippur (hura ere 73koa) berritu baten aurrean gaude Palestinan, ondoko herrialdeetara heda daitekeena, eta 50 urte iragan direnean, amorruz eta suminez begiratzen diogu orainaldiari jakinda oraingo hainbat triskantzak eta miseriak iragan hurbilean daukatela jatorri garbia. Eta galdera da, 50 urteren buruan gerta daitezkeen txikizioak saihesteko, zer egin dezakegu egun?