Burujabetza

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Otxoa-Errarte 2014ko ira. 26a, 06:00

Azken aste hauetan gehienok izan dugu ahoan hitz potolo hau, edo entzun ditugu gutxienez behin eta berriro gaiari buruzko eztabaidak. Eskozian bozkatzeko aukera izan dute, badirudi katalandarrek zailago dutela, Espainiako gobernuak ez baitu gustuko herritarren iritzia ezagutzea, badaezpada ere. Edozein kasutan burujabetzari buruz aritu bagara, burujabetza politikoa izan dugu gai.

Baina jakin badakigu benetan mundua mugitzen dutenak ez direla indar politikoak, indar ekonomikoak baizik. Horregatik burujabetzari buruz ari garenean pentsatu beharko genuke nola antolatu nahi dugun gure ekonomia, zeinen eskuetan utzi edo ez utzi. Burujabetza energetikoaz ari naiz, adibidez. Edo elikadura burujabetzaz.

Gure bizietan hain ezinbestezkoa dugun energia lau enpresaren esku dago eta energia berriztagarriek etsai ikusten dituztelako, neurri desberdinetan denon esku daudelako, mugitu dira, eta nola, botere politikoa energia hauen kontrako legeak onartzera bultzatuz. Hori bai, frackingaren kontra ez dira azaldu, ez dago denon esku. Beraien negozioa litzateke.

Edo elikadura burujabetza. Zer jaten dugu? Nola ekoizten da jaten duguna? Hori da nahi duguna? Euskal Herriko gazta ekoizle txikiek, adibidez, zailtasun handiak dituzte Europa mailan onartutako arauak betetzeko, enpresa handien baldintzetara egokituak baitaude. Eta arauak betetzen ez badituzte merkatutik kanpo geratzen dira. Baina gure, kontsumitzaileon, erabakiak indar handia dauka, azken hitza gurea baita erosterakoan.

Momentuz ez digute utziko burujabetza politikoari buruzko erabakirik hartzen, baina badaukagu beste burujabetza hauetan aurrera pausuak egiteko modurik, eta ez da gutxi.