ETXEBIZITZAREN SARBIDE EZA BORROKATU

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako GKS 2024ko mar. 9a, 12:19

Langabezia kronikoa, soldata baxuak, emantzipatzeko ezintasuna, kriminalizazioa, eta abar luze bat gazteon eguneroko ogia bilakatu dira. Politikari profesionalek
aurkakoa saldu nahi badigute ere, urtez urte gazte langileon egoera okertzen dabil. Honen adierazle argi gisa daukagu, gazte langileok emantzipatzeko daukagun
ezintasuna.

Emantzipatzeaz ari garenean, gurasoen etxetik joateaz baino askoz gehiagoz ari gara, gazte langileok gure bizitzen jabe izateaz hitz egiten dugu. Gazteon lan
egoerak bizi ezegonkortasunera eta menpekotasun ekonomikora eramaten gaitu. Lan prekarizatuak, beltzean jasotako soldatak eta lan tenporalak, besteak beste,
gure errealitatearen parte dira. Enpresariak etekin ekonomikoa handitzeko probesten dira gutaz eta gazte langileotan bizi proiektuak eta etorkizun egonkorrak eraikitzeko ezintasuna nagusitzen da.


Gainera, errealitate honi gehitu beharrekoa da etxebizitzen alokairu zein salmenten inguruan dagoen negozioa, soldatak jaistearekin batera bizi bitartekoak garestitzen baitira. Gazte batek etxetik bakarrik joan nahi izanez gero, alokairuan soilik, soldataren %93,9a utzi beharko du; gazteen %45ak 1000€ baino gutxiago kobratzen dute; Nafarroan gurasoen etxetik alde egiteko bataz beteko adina 30,3 urtekoa da.


Egoera honen aurrean, instituzio zein alderdi politikoen fartsa agerikoa da. Martxan jarritako neurri ezberdinak, hala nola, Emancipa edo bonu kulturalak, haien aurpegi garbiketarako erabiltzen dituzte, enpresari handien irabaziak jopuntuan kokatu gabe. Gazte langileoi ogi apurrak eskaintzen dizkiguten bitartean, bake soziala mantentzen jarraitu nahi dute. Arazoa konpontzetik urrun, egoera betikotzen dute.


Miseriaren bizi ereduaren aurrean, kalitatezko bizi bitartekoak lortu, lan baldintza prekarioekin amaitu eta borrokarako beharrezkoak diren eskubide politikoak
borrokatzea dagokigu. Sozialismoaren norabidean, antolakuntzarako eta borrokarako grina piztea nahitaezkoa da. Bide honetan, eskualdean burutuko ditugun
ekimenetan, zein Martxoaren 30ean egongo den manifestazio nazionalean parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu. Gazte langileok lehen lerrora!