Gizartea, Sakanako Garapena Sozioekonomikoaren parte

Sakanako langabezia tasen azken datuek (apirila) langabeziak bera egiten jarraitzen duela aipatzen digute, %18-19ko langabezia tasak izanik. 2013ko martxoko datuekin alderatuta, %8 gutxiago. Aldiz, 2008ko datuak kontuan hartzen baditugu, %8-9an egin du gora.

Argi dago krisi sozioekonomiko hau denbora luzean geldituko dela gure artean. Aurretik aipatutako datuak negatiboak izaten jarraitzen duten arren, azken urtetako bilakaerak esperantza ematen digu bide beretik lanean jarraitzeko. Kontutan eduki behar dugu, langabezia tasen beherakada batik bat, eskualdeko enpresak sortu dituzten enpleguengatik dela, edota sortu diren enpresa berrien efektuengatik.

Sakana 2020 Plan Estrategikoa, bide orri bikaina da.

Industria zein zerbitzu sektoreak sustatzen jarraitu beharra daukagu. Askotan ahaztu egiten zaigu duguna baloratzea!

Bestalde, ezin gara ahaztu lehen sektoreaz. Nekazaritza zein abeltzaintza azpi sektoreak, urte askotan zehar gure familien diru iturri nagusiak izan dira. Etorkizuna du, baina gure esku dago!

Turismoa eta energia aldiz, etorkizuneko bi sektore dira. Arlo hauetan gutxinaka eskualdeko eragile eta enpresen arteko armiarma sarea eratzen gabiltza.

Azkenik, ezin gara ahaztu eskualde honen iragana, oraina eta etorkizunaren zutarri nagusiez: komertzioa eta hezkuntza. Alde batetik, eskualde honen etorkizuna hezkuntzatik eratuko da, argi dago! Eta bestalde, zer izango ginen gu, Sakana, komertziorik gabe? Pentsatu nolakoak izango ziren gure herriak, kaleak, …

Honako honetan, azken hilabetean Etxarriko zein Bakaikuko herritarrekin garatutako akzio bana konpartitzera gatoz. Herritarren iritzia eta parte hartzea sustatu nahi izan dugu, Bakaikun zein Etxarrin, zein eskualdean ditugun indargune, ahulgune, aukera zein mehatxuak konpartitu eta hauekin hausnartzeko. Hausnarketa zein ideia bikainak atera dira eta prozesu honek, jarraipen bat izango du, seguru! Nor gehiago animatzen da?