Futbolaren herrialdean baloia errege. Amaitu ziren amaitu beharrekoak, oporretan daude jada aitzinako greziarren heroi haien antzera, odolean jainkotasun apur bat duten haietako gehienak. Pilarreko Amabirjina edo Macarena bera ere atzean utziko luketen jarraitzaile eta sinisdunak biltzeko kapazak dira kirolari hauek. Badute beren estanpita eta guzti gure haurren eskuetan. Garai bateko limosnen moduan, gurasoen sosak badoaz errekatik “ídolo”, “supercrack”, “balón de oro” eta bestelako kartulinatxo dizdiradunen truke. Dotriñara bezalatsu, haurrak astero futbolaren otoitzera. Kale eginez gero, etxean badute aldaretxoa, botoidun mando eta guzti.

Ustez amaitu ziren malko eta algarak askatzeko nahikoa ziren hil ala biziko lehia haiek. Baina laster aspertzen da futbolaren erreinuko bizilaguna, txilena, erregate eta penalti gose da. Beste gauza batzuetan pentsatzen jar ez dadin, hobe du telebista piztu eta Frantziako Eurokopa ikusi. Gaur hasiko da bai, segurtasun neurriz lepo, europear selekzioen arteko lehia. Guztiak ez dira bertan izanen, baina nahikoa izango da ezinegonak jota dagoen sinisduna asetzeko.

Baloiari so dagoen bitartean, hauteskunde batzuk izan direla ere ahaztuko du. Bozkatu ote zuen ezin gogoratu. Noizbait aurkeztuko da Cristiano edo Messi bat gure agintari izateko. Berdintsu jokatuko dute, beti diruaren alde. Handinahiak jota, entrenatzaile soil ezin birziklatu, presidente kargua hobeki. Milaka bozka baloiaren heroiei.