kolaboratzaileak

Azkonarrak beren azkonarzuloetan gordetzen diren garaian, negu gorrian dugu Sakanako bizilagunen egunerokoa. Negu bizian oraindik, baina eguzki izpiek beta gehiago dute gure artean egoteko. Santa Agedako makilek lurra esnatu nahirik kolpatzeko gutxi falta zaigula dirudi. Ilbeltzeko aldapa neketsuaren azken txanpan, gailurra begien bistan dugu. Elurren gesalak izotzak gogortzen ditu gauean, egunez zopa likatsu bihurtzen diren artean. Hotzak negu gorrian hezurretan sarturik, dardar egiten maiz, azkar doazkigu gorputzetik urte hasierako kilo haiek. Pago erorien gorputzak zatika erretzen ditugu sutondoan, etxeko babesean berotasuna gorde nahirik. Belarra bera ere erre zaigu izotzaren indarrak iharturik, lurraren garbitasun prozesuan buru belarri, harekin joan dira intsektu eta zomorro askoren azken arnasak.

Baina badira soroetan, kimu berriak berdeturik jada, datorren gariaren itzal, espero dugunaren oroigarri. Basoko itxura grisak orbel busti eta umelak betetzen du. Haren azpian mugitzen, zuhaitzen sustraiak handituz doaz lur barrenaren epeltasunean. Kanpotik ez dakusagun bizia lurpean da, orbel zaharraren babesean, izotzetik urrun. Indarrak hartzen, itxaroten. Biziaren itzulera ospatzeko zain. Otsaileko haize fin izoztu guztiak ditugu aurretik ihote eta txatarren seinale hura entzuteko. Haien makilkadek berotuko dituzte herritarren hezurrak. Izan dezagun bada datorren udaberriaren deiadar hura, gogoan tenkor.