Toxiko hitza modan jarri da azken aldian. Grekeraz gezi pozointsu esan nahi duen hitz honek gure gizarteko elementu negatiboak izendatzeko balio digula ematen du. Toxikoak baditugu elikagaietan, mila osagarriz osatutako jakietan txertatuta datozkigunak. Toxikoak erlazioetan, beren izaera edo helburuak gureen gainetik jarri eta zapuzten dituztenak. Toxikoak lanean, langile toxiko deritze lantokiko kideei ohitura eta usadio txarrak irakatsi eta lantegia pirataz betetzen duten horiei.
Toxikoek ingurua kutsatu eta gaixotzen dute. Ezkor bihurtzen dute giroa, haien helburuak lortu ezinean, besteenak usteltzean bilatzen dute behin behineko poza. Greziarren artean izua zabaltzen zuen Kimera munstro izugarriaren antzera, samina eta atsekabea zabaltzen dute gure artean. Baina badira gaur egun greziar mitoko Belerofonte handiaren antzera, Kimera garaitzeko gai diren heroiak. Elikadura osasungarria sustatu eta jasangarritasunean oinarritutako elikagai garbien kontsumoa bultzatzen duten horiek. Erlazioetan gainontzekoen helburuetan lagundu, osatu, partekatu eta ulertzeko gai direnak. Lantokian justiziaz eta zintzotasunez jarduten dutenak.
Toxikoen aurkari hauek antidotoak dira. Grekeraz aurkakoa esan nahi du, gizarte toxikoaren antidotoak gure inguruan aurki ditzakegu begiratzen jakin ezkero. Antidotoak bizitzak muturren aurrean jartzen dizkigu, toxikoen gehiegikeriak eta sarraskiak gainditzeko. Haiek aurkitzean heldu tinko, ur pozointsuetatik askatzeko bidea baitira!