Altxorrak

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Reparaz Extramiana 2017ko mar. 24a, 09:29

kolaboratzaileak

Zinema gustuko duen orok du gogoan gidoilari bikain batek edo bestek idatzitako esaldi birrintzaileren bat. Nik Gran Torinoko hmong neskak dioen esaldi bat daukat buruan bueltaka azkenaldian: “gu ez gara toki bat, etnia bat gara”. Halako esaldi laburrean horrenbeste gauza esateko gai den gidoilariak saria beharko luke. Badakit etnia hitzak ospe txarra duela, garai bateko arraza hitzaren eufemismotzat hartzen badugu behintzat.

Zenbat gatazka etniko izan ote diren munduan, europearren estatu moduak aplikatu nahi izan direnean kontinente guztietan. Akulturazioa, gerrak, leku aldatze derrigortuak eta genozidioak haien ondorio latzenak izan dira.

Herriak ez dira mendi bat, ez itsaso bazter bat ez bailara bat. Haien gainean denbora batez garatzen den giza taldea dira. Ingurune fisikoarekin lotura handia duena, baina ezaugarri kultural, sozial eta politikoek forma ematen diotenak. Muga fisikoak, estatuak herria bere kontrolpean edukitzeko behar dituen egiturak dira. Ezaugarri kultural, sozial eta politiko horiek galtzen dituen herria ez da ezer. Akulturatutako giza multzo bat estatu edo botere ekonomiko baten menpe. Kontsumitzaile otzan baino ez, beste herrien hizkuntza, ohitura eta bizimoduak imitatuz bere nortasuna galdua duena.

Mugimenduan dauden herriek beren ezaugarriak gordetzen dituzte mendeetan, berezitasun horiek estatuaren arazo bilakatu ohi dira. Errefuxiatuen leku aldaketak estatu homogeneoen buruhauste dira, asimilatzen zailak izan daitezkelako. Bereizten gaituzten ezaugarri horiexek dira gizateriaren altxor nagusia.