Itsas lamien atzetik

kolaboratzaileak

Itsas lamien kantuak itsasoetako arrisku latzenak ziren greziarren ustez. Arrain eta neskatxa bitarteko hibrido hauek, kantu ederrez marinelak arkaitz zorrotzetara bideratzen omen zituzten, heriotz ziurrerantz. Edertasuna suntsipenaren lagun. Liluramenean txoraturik, arriskuetaz jabetzen ez den ameslaria, bere buruaren segurtasuna ahazturik galbidera bidean.

Gaur egun, neskatxa mutanterik ez dugu ezagutzen (oraindik behintzat) itsas bazterretan kantuz. Haien pareko otu zaizkit gure mugikor maiteak. Eskura ditugu munduko edertasun, jakinduria eta lotura guztiak. Hari begira, gure bizitzaren norabidea okertu dezakegu lotsarizko argazki edo esaldi txar batekin. Gartzelara eraman gaitzake txiste txar batek ere.  Hark gidatzen gaitu gure pentsamenduetan, gure emozioen jabe egiteraino. Urruneko balea urdinen atzetik heriotzerantz bideratzerainoko indarra duela erakusten digute egunero albisteek.

Itsas lamien kantuen atzetik, gure burua kontrolatzeko gai ez garela ematen du. Ulisesen antzera, ontziko mastari gure burua lotu, edota haren marinelei agindu zien modura, belarriak estali beharko genituzke akaso. Gure garaiko kantu eder horiei so, zuhaitz edo farola baten aurka talka egiten dugu greziarren galera zahar haien antzera.  Adi gure ontzia sare sozialetan trabatu edo etsipenaren arkaitz zorrotzetan txikitu ez dadin. Kontuz bada sakelekoarekin, gehiegizko txoramenak zorabioa eta nazkatzerainoko botagurea sortzen baititu.